2026ko uztailaren 7a.

Egun on.

Gaur da San Fermin Eguna. Baina ez da beti uztailaren 7an izan. 

Ez nuen entzuna urriaren 10ean ospatzen zela 1591ra arte. Iruñeko apezpikuak proposatu zuen aldaketa, 1515eko uztailaren 7an Burgosko Gorteetan integratu zelako Nafarroako Erresuma, eta, pentsatzen dut, elizgizon gaztelar zale hark egun gogoangarri hura oroitu nahiko zuela. 

Beno, eta efemerideei segika, gaur dira 41 urte Pitik eta Sarrik ihes egin zutela Martuteneko espetxetik. 

Goazen mamira.

Txartel gorria

Ez naiz ari batere jarraitzen Munduko Futbol Kopa, eta ez dakit zergatik, ez naiz oso ongi enteratu, baina jendea urduri sumatu dut Argentinarekin. Urduri, baina positiboki. Ongi ari direlako?

Enteratu naiz, ordea, ume ozpindu baten gisan mugitu duela fitxa Donald Trumpek. Itxuraz estatubatuarren jokalaririk onenetakoa den Folarin Balogunek ezin zuen bart gauean Belgikaren aurka jokatu, aurreko partiduan txartel gorria jaso zuelako. Eta, Belgikaren aurkakoa, final zortziren inportante horietakoa zen. Hara hor Trump: telefonoa hartu eta FIFAko buru Gianni Infantinori deitu zion, zigorra indargabetzea eskatzeko. Umemokoaren estilora, bai jauna. Eta zer, eta Infantinok, jakina, kasu egin. 

Laburpen grafiko bikaina duzu GIF honetan.

Beharbada gehiegitxo da esatea “eskandalu Mundiala” sortu duela Trumpek, baina kazetari askok ezin izan diote hitz-jokoaren tentazioari eutsi. Ildo horretako titular merkeak ikusi ditut hainbat lekutan. Baina egiari zor, zerbait mugitu du. Futbola omen da-eta garrantzirik ez duten gauzen artean garrantzi gehien duena. Imajinatzen dut ere futbola eta politika bereizi behar direla dioten leloak ohartu direla zeinen esku zikinekin jokatzen duten Trumpek eta Infantinok.

Tira, ez dago beste hizketagairik Europa erdiko eta iparraldeko komunikabideetan. “FIFAk aberriaren mesedetan egin du lan”, irakurri diot Belgikako DeMorgen komunikabideko analista bati, oso haserre. Alemaniako Der Spiegel-en, berriz, “futbolaz abusatzen duten bi gizonen adiskidetasun” gisa definitu dute Trump eta Infantinoren artekoa. Britainia Handiko The Guardian-ek Trumpen lobby lana azpimarratu du. Italiako Repubblica-k artikulu ondroso bat eskaini dio “Infantino, aberatsen laguna” nor den kontatzeari. Eta Frantziako Libération-en, bestalde, kontakizuna honela hasi dute: “Eskandalu usain bat gehiago da interferentzia politikoen testuinguruan”. 

Detaileetan sartuta. Hain ona den futbolari estatubatuarrak ez zukeen jokatu behar bart gauean, baina NATO futbolistikoak igande gauean zigorra indargabetu zion bere neurri eta interpretazioen menera egindako artikulu bat mahai azpitik aterata. Belgikak purrustada egin zuen berehala. Errekurtsoa jarri. Baina alferrik: FIFAk dio berrikuspena ondo egina dagoela. Trumpek esan du Infantinori ez diola “ezer eskatu”, txartel gorriaren jokaldia “errebisatzeko” besterik ez. Infantinok horixe bera errepikatu du, eta flipatu baten moduan, lotsagabe, zera esan: nagusia bada ere, ez duela eskumenik FIFAren antolakuntzako barne erabakietan. Aurpegia behar da gero.

Belgikaz aparteko taldeetako futbolari, entrenatzaile eta ordezkari mordo bat agertu dira kexan: lotsagarria eta desgrazia handia dela, FIFAren sinesgarritasuna galdu dela... Inork federik ba al zeukan FIFArengan? Inork sinets al dezake, bada, iraganeko zuzendari ia denak ustelkeria kasuetan zipriztinduta dituen erakunde batean?

Ea, ez gaitezen ahaztu. Bakearen Nobel Saria desio zuen Trumpek, publikoki makina bat bider eskatu zuen, baina ez zuen lortu. Kasketa harrapatu zuen. Eta han azaldu zen Infantino laguna, propio Trumpentzat sortu zuen Bakearen Sari batekin. Iazko abenduan izan zen hori. Eta bost egun geroago, New Yorkeko auzitegietan, itxi egin zuten Infantino parte zen FIFAko kontratu ilun (ustel) batzuen auzia. Kasualitatea.

Horixe da FIFA. Ez gaitezen orain eskandaliza. Ez dezagun sorpresaz har. Eta 2030ean ez daitezela Euskal Herrira etor, otoi. 

Gure hizkuntzak funtsezko ditu euskara hutsean funtzionatzen duten proiektuak

EGIN ARGIAKOA

Eskolak euskalduntzen du?

Inoiz ez ditu horrenbeste datu eman EHUk selektibitateko azterketen inguruan. Presioaren eraginez ipini du testuingurua.

Komunikabide gehientsuenetako titularra izan da Euskara azterketak baino suspentso, zero eta nota kaskar gehiago izan dituela Fisikak. Eta Euskararen batezbestekoa (6,33), konparaketak egiten hasita, oso gutxigatik ez dela Gaztelaniaren parekoa (6,42).

Baina Onintza Irureta lankideak beste kontu honi ere begiratu dio: ikasleen %6k atera dituzte Euskarako etsaminan 2 puntu baino gutxiago. Gaztelaniazkoan, ordea, ikasleen %0,6k. 

Interpretazio hauxe behintzat egin dezakegu: ia guzti-guztiek kontrolatzen dute gaztelania, gutxieneko bat behintzat, 2 puntu ateratzeko lain; euskara, ordea, ez. 

Zerbait esan nahi didazu? Erantzun mezuari edo idatzi buletinak@argia.eus helbidera.

·····>   Ez galdu hauek

  • Gasteizko Buesa Arena. Baskonia-Alaves taldeak (hau da, Josean Kerejeta jaunak) Arabako Diputazioari erosi nahi dizkio Buesa Arena eta bere ingurunea, dituen lursailak, aparkalekua eta abar. “Jarduera ekonomiko berria” eman nahi dio Kerejetak. Negozio gehiago egin, alegia. Kuriosoa da operazio ekonomikoari ipinitako izena: Ondare proiektu


Eta ingurumenari lotuta, eta euskal herritar ugariren opor leku ere badenez, kontu interesgarri bat:

  • Giza katea Mallorcan. Es Trenc hondartzan hiru kilometroko katea egin dute, PPk arriskuan ipini baitu ingurune natural horren geroa. Izan ere, maiatzean onartutako lege baten bidez, naturgune babestuetako araudiak aldatzea errazagoa da teknikoki, ez baitute parlamentutik pasa behar. Trenc-en kasuan, turismoaren industria handitzeko asmoa dago. 

PANTAILARA ITSASTEKO BAZKA

  • Ravalear. Sei ordukoa izan zitekeen film luze bat; sei kapituluko telesaila da. Oso errealista eta aktuala, ondo kontatua. Bartzelonako Raval auzoan kokatuta, jatetxe familiar baten eraikin osoa erosiko du enpresa handi batek, funts putre batek, eta alokairuko prezioak igoko dizkiete, imajinatuko duzun moduan, negozioa egiteko; pareko eta aldameneko etxe eta auzoetan gertatzen den gisan. Bada, atsekabe horri aurre egitea erabakiko du familiak. Nahiko kaotikoa da, ezohikoa eta apropos nekagarria zenbait momentutan, gaiak eta errealitateak hala eskatzen duelako. Hegoaldean HBOn eta Movistarren dago, eta Iparraldean ez dago oraindik ikusgai.  
     
  • The Drama. Zer pentsatua ematen duen film bat: zer egingo zenuke, ezkontzeko egun gutxiren faltan, jakingo bazenu bikotekideak iraganean “zerbait txarra” egin duela? Auzi horren bueltan, era interesgarrian garatzen da istorioa, bi aktore bikainekin: Zendaya eta Robert Pattinson. Filmaren muntaketa ederra da, atzera-aurrera ariko baita kontakizuna, norbere imajinazioak ere ageriko dira... Esperotakoa baino hobea iruditu zait. Zineman non edo non bada oraindik ikusgai, gero eta gutxiago ordea; eta litekeena da laster plataformetan eskegitzea. 
     
  • Past Lives. Beste maitasun kontu bat. Hego Korean jaio eta hezitako bi gazteren bizitzaz da: gaztetxotan separatu dira, hala suertatu delako, baina hamabi urteren ondoren, kasualitatean sinets badaiteke-edo harremana berreskuratzen hasiko dira. Gauzak nola aldatu eta bakoitzak nola eta zertan eboluzionatu duten ikustea interesgarria da. Uste dut sar daitekeela film hau maitasun erromantikoaren klabeetan, baina ez doa hortik, esango nuke propio uko egiten diola asuntuari, hau da, askoz ere gehiago jo zezakeela hortik. Hegoaldean Filminen eta Movistarren dago, euskarazko azpidatziekin. Iparraldean, berriz, Prime Videon eta Canal Vod-en. 

Honaino gaurkoa.

Astearte ona izan. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN