2026ko uztailaren 8a.

Egun on.

Ez dakit nola ez den pasatu; pasa den astearen amaieran jabetu nintzen. Gaur du proiektu honek ehungarren emana. Gaurkoa da ehungarren buletina. Ez dira pila bat, baina badira batzuk urtarrilaren amaieran hasi nintzenetik. Irakurle fidelak zarete asko, apenas erreparatzen diet estatistikei, baina horretaz ohartu naiz: fin-fin, eguerdia baino lehen zabaltzen duzue gehientsuenok. Konstantziaz egin ere. Beraz, mila esker bero bat.

Laster atsedena beharko duzue, emango dizuet… baina lasai.

Goazen mamira.

Orkestra prest da

Hurrengo urteko apirilean izango da Frantzian presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulia, eta dagoeneko kanpaina zikina espero da, oraindik hasi ez bada-edo. Marine Le Pen ultraeskuindarrak parte hartuko du, eta presidentegai izatera aurkeztuko da, epaitegiek leundu egin baitiote duela urte eta erdi jarritako zigorra. 

Zigortu zuten gutxienez hamabi urtez bere alderdiaren diruak desbideratzeagatik, eta gardentasunaren lege oro urratzeagatik. Horregatik, zigor ekonomikoaz aparte, hainbat hilabetetako blokeo politikoa zeukan; hau da, ezin zuen datorren urteko hauteskunde presidentzialetara aurkeztu. Baina errekurtsoak errekurtso, eta “bere jarrera ona” medio, zigorra arindu diote. Hori bai, lokalizazio-elektronikoa eraman beharko du soinean, eskumuturrean. Halaxe egingo du kanpaina. Esan nahi da: horrekin egingo du kanpaina. Terrenoa eta makineria prest ditu biktimismoan sakontzeko, eta usaindu dezakegu jada. 

Baina utzi hego-haizeari tarteka bere lana egiten; niri titular merke hau bururatu zait: Eskuin muturra eta eskumuturra, inoiz baino lotuago. Txarra, ez? 

Atzo eguerdian jakin zen epailearen erabakia, eta RNko buruzagiek zirkua muntatu zuten gauera arte. Fuerte pentsatzen aritu omen ziren ama-semeak diruditen Marine Le Pen eta Jordan Bardella, eta konfiantzazko kate duten TF1 telebistarekin hitzartu zuten elkarrizketa 20:00etan. Denak horren zain. Eta espero moduan, denak emanda eta arras indartsu irten zen platora Le Pen: “Hauteskundeetara aurkeztuko naiz, eta injustiziei aurre egin eta helegite gehiago jarriko ditut, eskumuturrekoa ken diezadaten”.

Badaude detaile inportante pare bat. Lehena, Le Penek makina bat bider azpimarratu izan duela ez dela kanpainan eskumuturrekoa soinean agertuko. Bere hitza jango du (ez badiote kentzen, behintzat). Edo tira, bere estrategiaren parte izan da hori guztia. Bigarren puntua, apirileko hauteskunde kanpaina hasi baino hiru hilabete lehenago emango duela auzitegiak behin betiko erabakia, ea Le Pen hauteskundeetara aurkeztu daitekeen edo ez. Partitura horren gainean dago muntatuta kontzertua. Horregatik, Bardella eta Le Pen beti elkarren eskutik ibiliko omen dira harat eta honat. Faxismoaren duetoa. 

· · · · · · ·

Portzierto. Atzo, pixka bat kostata, baina tenperaturak freskatu zuen gaualdera. Estimatu zenuen? Etxea aireztatzeko ongi etorri zen. Eta kalean ibili bazinen, beharbada jertse fin bat ere eskertu zenuen. 

Tira, horretarako apropos dakizuke atera dugun kolekzio berria: jertse arin arrosa. Hau ere kale-saltzaileen Mbolo elkartearekin atera dugu. Eta arrosak zure janzkerarekin bat egiten ez badu, kolore gehiago ere baditugu. Irudian klik eginda ikusiko dituzu.

·····>   Ez galdu hauek

  • Notak puzten dira? Nafarroan bezalaxe, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan: Hezkuntza Sailari datuak eskatu dizkiote itunpeko zentroek notak puzten dituzten ala ez jakiteko. Horrela al da? Tere Maldonado irakasleak badu eskarmentua, eta berari galdetu dio Mikel Garcia lankideak. Honekin gelditu naiz: "Ikusita nago gurasoak ikastetxean agertzea, onartzea seme-alabak ez duela ezer egin, eta halere exijitzea ikasturtea edo ikasgaia gainditu dezala".
     
  • ELA eta euskara. Aurrerantzean euskaraz baino ez du negoziatuko ELA sindikatuak Lan Harremanen Kontseiluan, hau da, EAEn. Batzar horri esan dio euskaraz komunikatzeko baliabideak jarri beharko dituela, ez duela gaztelaniaz hitz erdi egingo. Iragarpen hori egitearekin batera, datu batzuk erakutsi ditu: lan hitzarmen guztien %5ek soilik jasotzen dute euskara plan bat edo hura egiteko konpromisoa.
     
  • Arritxu Iribar. Ia 40 urteko jardunaren ondoren, erretiroa hartu du kirol kazetariak. Azken saioa gidatu zuen atzo eguerdian Euskadi Irratian. Juan Mari Etxabe arraunlari oiartzuarra izan zen elkarrizketatu zuen lehenbizikotako pertsonetako bat, gaur egun Arraun Lagunaken prestatzaile lanetan dabilena, eta atzo, saioaren azken bost minutuetan, berarekin solastatu zen.

AGENDA KULTURALA

Entresaka egitea zaila da uztailean; badira ziento bat kontu. Zerbait berezia ekarri dizut gaur. Argazkian, zapatuan Maulen ariko den Kilimak taldea.

  • Bakarrizketak. Hiru saio diferente gaurko atal honetan, estreinakoz: Asier K ariko da bakarrizketan Deban, bihar; igandean, Markina-Xemeinen, Janire Atxurra; eta ostiralean zein astelehenean, Armendaritzen, Pantzo Irigaray
     
  • Bertsolaritza. Festak non, bertsoak han (sarri). Berezienak aipagai. Adibidez, biharko jaialdia Iruñeko San Jose Plazan, Sanferminetakoa. Ostiralean baita ere, freestyle bertso saio berezia egingo dute Laudioko Aiaraldea Ekintzen Faktorian, Izar Mendiguren, Itxaso Paia eta Iñaki Viñasprerekin. Iruñean, zapatu iluntzean, bertso saio musikatua gaztetxoentzat: Saroia Idoate, Kattin Madariaga eta Maddi Ane Txoperenarekin. Eta Zarautzen, azkenik, Bertso Astea egingo dute egunotan; besteak beste, Txepelketa tabernaz tabernako saioa zapatuan.
     
  • Musika. Sanferminen astea dugu bete-betean. Ezinezkoa da afixa osoa hona ekartzea, baina zerbait gomendatzekotan, Herri Sanferminen kartela pasako dizut: bihar, adibidez, Naxker ariko da oholtzan, etzi La Jodedera, etzidamu Mirua… Lesakan bihar Petti, eta etzi Bad Sound System. Ostiralean beste herri eta hirietan bada agenda oparoa: Getarian Odei, Hondarribian Gailu, eta Bilbon Udda. Zapatuan Lukiek Hondarribian, Janus Lester Bidarrain, Kilimak Maulen, Ganibet Otxandion, eta Sexpeares Soraluzen. 

Honaino gaurkoa.

Egun ona izan. Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN