“Ez gara tiburoiak, badakigu merkatua partekatzen eta bizikide izaten”. Gaur hasiko da Bilbao BBK Live jaialdia. Eta horiexek dira festibalaren atzean dagoen Last Tour enpresako zuzendari berriaren hitzak. Yurdana Burgoa. Dagoen lekura iritsi arte, zortzi urtez Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailean ardura esanguratsuak izan ditu; Pedro Azpiazu sailburuaren eskuin eskua izan da, komunikazio arduraduna, aholkularia eta, Burgoak berak esana da, bere ardura izan dela Jaurlaritzaren aurrekontuak kudeatzea eta erakunde publiko guztiekin harremanak izatea. Ziurrenik Azpiazuk baino gehiago agintzen zuela, alegia.
Ez du, ez, erronka eskasik izan. Eta pausu logikoa zitzaion sektore pribatura joatea. Horixe irakurri diot El Correo-n egindako elkarrizketan. Esaten ez duena da, ordea, ez dela ossso sektore pribatua, aste honetan Ahoztar Zelaieta kazetariak argitaratu duen gisan, urtero dirutza jasotzen baitu Last Tour enpresak, tartean BBK Live antolatzeagatik. Eta bereak dira, baita ere, Gasteizko Azkena Rock, Barakaldon eta Bogotan egiten den BIME, Iruñeko En Vivo, Lisboako Kalorama, Pirineos Sur...
Justu duela hiru urte idatzi nuen erreportaje zabal bat makrofestibalen inguruan, gehienbat BBK Live aitzakiatzat hartuta. Makrofestibalen gaia gori-gori zegoen, hainbat faktorerengatik: espazioen segurtasun eskasa (istripu batzuk izan ziren atzerriko festibaletan), zaletuen antsietatea eta deskantsu falta, funts putreak inbertsore moduan, “ezkerreko" festibalak eskuin muturraren dirua jasotzen, langileen prekarietatea, musikariak ere publikoki posizionatu eta eztabaida sortu izana... Last Tourrekin ere bazegoen zera hori, musika eta zirkuitu beharbada alternatibo eta underground-ak monopolizatzen hasia zela, “modako” taldeak fitxatzen (Chill Mafia, esaterako).
Gara-n irakurri diot beste entrebista bat Yurdana Burgoari. Esaten du BBK Live ez dela makrofestibal bat, bere ustez makrofestibal bat izateko aglomerazioak gertatu behar direla, eta festibal-barrutiak “hotza” izan behar duela. Tira, esanguratsua iruditzen zait ikusten delako negatiboa bihurtu dela makrofestibal hitza. Aldiz, “gertutasuna” eta “autentikotasuna” ipini dira modan. Eta, beraien hiztegia erabilita esango dut, bi balore horiei plus bat gehitzen diela hemen hizkuntza zahar, ulertzeko zail eta biziberritu bat edukitzeak.
Gara-ko kazetariak ez, baina El Correo-koak bai galdetu dio euskararen inguruan. Positiboki galdetu ere, ziurtzat jota gero eta euskara gehiago erabiltzen duela Last Tour enpresak. “Guretzat beti izan da inportantea”, erantzun du Burgoak. Eta eredugarri gisa aipatzen ditu sortuta dituzten label demasak: Oso Polita diskoetxea, Liburuak editoriala, Herrian eta Hirian festibal desplazamenduak, Lasai jatetxea, laster zabalduko duten Goxo diskoteka…
Hizkuntzaren folklorizazioa da hori bete-betean. Euskara estetikarako produktu bihurtzea. Zeren, ikurrina kolorez eta Gaztelugatxeko argazkiekin josi dezakezu ingurua, baita aizkolariak ekarri ere, baina jarduera funtzionalak beste hizkuntza batean gertatuko dira. Bilbao BBK Liven nola ez: parte hartzaileen hiru laurdena ez da Euskal Herrikoa izaten. Zein hizkuntzatan eskatuko da sei euroko garagardo arrunta?
Kulturaz ari garela dirudi, eta kazetariok oraindik ere Musika etiketapean katalogatzen ditugu jaialdi hauek. Baina ez dute deus ikusirik. Atzean daudenei ez baitzaie kultura interesatzen. Gehiago dute Ekonomia-tik.