2026ko uztailaren 10a.

Egun on.

Ongi heldu zara ostiralera? Ari naiz opor (eta atseden) gosea sumatzen inguruan. Zu, beharbada, oporretan zaude dagoeneko; edo igual ez duzu opor segida handirik… Hala bada, animo.

Datorren astea konplitutakoan hartuko ditu oporrak buletin honek.

Goazen mamira.

· · · · · · ·

“Abentura” esango diote

Goizeko 09:30ak. Haurra udalekuetan utzi eta lanera zoaz. Beharbada bikotekidea, beharbada beste senideren bat, edo beharbada zu zeu pasako zara gero bere bila, 14:00etan, betiko lekura. Bazkaltzera etxera eraman eta galdetuko diozu zer moduz pasatu duen goiza, zer egin duten, zer ezagutu duten. Zeren, zer edo zer berezia egin dute gaur, badakizu, edo espero duzu, atzo mezua pasatu baitzuen udalekuetako arduradunak. Kiroleko arropa erosoa, eguzkitarako kasketa, ur freskoa, jateko zerbait, garraio publikorako txartela... Zentzuzko zerrenda bat pasatu zizueten, ohiko gauzena, beharrezko direnak goizpasa baterako. Nora joateko? Bilbora, “herritarren segurtasun zentrora”.

Mugikorrera heldu zaizkizu goizeko planaren irudiak. Sei, zortzi urte inguruko haur kuadrilla bat, tartean zure haurra, denak esanda bezala, kiroleko arropa jantzita, eta motxila soinean… armak eskuetan. Guardia Zibilaren jaima azpian, Guardia Zibilaren logoa atzean. Eta haurren atzean agente bat barrez, “ofizinakoa” seguru, haurrek argazkia nola egiten duten ikusten.

Argazki gehiago daude: ezkutuak probatzen, elektronikako arma digitalen simulazioekin jolasten... 

Aste honetako argazkiak dira. Sestaon gertatu da, Las Llanas kirol klubaren taekwondoko udalekuetan. Gurasoei detailerik eman gabe, “herritarren segurtasun zentrora” eta Bilbora joango zirela esanda baino ez, haurrak Guardia Zibilaren kuartelera eraman dituzte, han bertan erakusketa bat muntatuta zeukatela. Demagun, hondartzara beharrean, horra eramaten zaituztela goiza pasatzera.

Kexa adierazi diote hainbat gurasok udalekuen antolatzaileari, eta EH Bilduk ere azalpenak eskatu dizkio Sestaoko Udalari, dirulaguntzak jasotzen dituelako eta, araudiak dioen gisan, taekwondoko udalekuek ia osotasunean taekwondoko ekintzak egin behar dituztelako. 

Tira. Goian deskribatu dizut bazkalorduko egoera bat, zu eta zure haurra goizeko plan horretaz hizketan. Imajinatu esaten dizula armak gustatu zaizkiola, ongi pasatu duela. Eta guardia zibila izan nahi duela. Edo besterik gabe, polizia. Ez al ziguten eurek lehen adoktrinamenduaz hitz egiten?

Ordaindu nahi duzuna. Jaso nahi duzuna.

EGIN ARGIAKOA

· · · · · · ·

Batzuek esan didazue gustatu zitzaizuela atzoko buletineko artikulu nagusia, BBK Liveri buruzkoa. Pozten naiz, estimatzen dizuet.

Gara-ren periodikoan, atzo, Zugazarten biñeta eder hau joan zen. Gustatu zait deskribapen grafikoa. 

Trumpen txartel gorriaren GIFa baino hobea da?

·····>   Ez galdu hauek

  • LAB eta ELA, ados. Duela bi egun kontatu nizun ELAren erabakia, aurrerantzean euskaraz soilik hitz egingo duela EAEko Lan Harremanen Kontseiluan, sindikatuak, patronala eta Jaurlaritza esertzen diren negoziazio mahaian. Itzulpen baliabideak jartzeko exijitu du, eta jartzen ez badira ere euskaraz hitz egingo du. LABek babestu egin du ekimena, nahiz eta deitoratu elkarrekin aurkeztu ez izana. CCOO eta UGT sindikatu espainolistak indartsu atera dira ekimenaren aurka: “baztertzaile” izatea leporatu diete. 
     
  • GKS eta betoa. Gasteizko jaietan ez dute adostasunik lortu, baina hala ere, beste urtetan bezala, GKSk txosna jarriko du txosnagunetik kanpo. Hiru egunez, egitarau propioa izango du. “Irtenbidea” galdegin dute datorren urterako.
     
  • Palestinarrei tortura. Enegarren froga daukagu. Beste argazki bat: palestinar bat buruz behera, ohe batera alanbreekin lotuta, metalezko makil bat bizkarrean katigatuta. Giza eskubideen aldeko taldeek “gerra krimena” dela salatu dute. Deigarria da ez dela komunikabideetan agertu, The Guardian-en baino ez dugu topatu. 
     


Eta asteburuari begira, kontu bat.

  • Itsas Martxa Plentzian. Euskal preso eta iheslarien aldeko 13. Itsas Martxa egingo dute itsasadarrean. Palestinar erresistentzia ere goratuko dute. Eguerdian izango da ur gaineko manifestazioa, eta egun osoko egitarau dotorea dute gerorako. 

· · · · · · ·

Portzierto. Beste mundu batekoa dirudi, baina ehun urte bakarrik pasatu dira Donostian giza zoologiko bat zegoenetik. Bai, pertsonak “erakusgai”. Senegaldarrak hain justu, esklabo ekarrita, 100 inguru ziren, eta horietatik batzuk haurrak. Hiru tributakoak ziren, eta haientzat propio eraikitako etxoletan jarri zituzten bizitzen, hurbiltzen ziren aberaskumeei “euren ohiturak” erakuts ziezazkieten. Gaurko egunez duela 100 urte zabaldu zuten.

ASTEKO KOORDENADAK >>

  • I > Irentsi. Herriko karrika nagusiko zoladura lanek eragindako kutsaduraz, isuriaz, eta bizilagunez osasunaz artikulu bitxia idatzi du Maddi Ane Txoperenak Erran-en. Oso eramangarria beste edozein herri edo hiritara. Hitz gutxitan: geure oinpean bizi gara. 
     
  • H > Hiria. Gainezka dago Iruñea, eta are beteago egongo da behin asteburuan sartuta, asteburu bakarra baitute aurtengo Sanferminek. Testuinguru horretan, alde zaharreko bi auzokiderekin hitz egin dute Euskalerria Irratian. Ea festak auzoan nola daramatzaten izan da hizketagaia, eta tartean egin dute gogoeta jende pilaketaz, masifikazioaz, 24 orduko zarataz... 
     
  • E > Exijentziak. Asko ari da zabaltzen Imanol Epeldek geurean asteon idatzitako iritzi artikulu hau, selektibitateko Euskara azterketako zeroen inguruan. Zero horiek zer duten atzean, zer eragiten digun horrek guri, nork zapaltzen duen nor... Abila da idazten. Eta probestu ezazue irakurle gisa, hiru artikulu baino ez baitzaizkio gelditzen.
     
  • M > Makrofestibalak. BBK Live hasi zen atzo, eta gauza batzuk publikatu dira han edo hemen, irratian denbora eskaini, kritika eta analisi gehiagorekin edo gutxiagorekin. Begira, apala egin zitzaidan atzo Euskadi Irratian entzun nuena. Eta otu nintzen Mateo Zikutak duela gutxi egiten zigun gogoeta batez. Musikaz ari zen politika kulturalez eta ekonomiko-turistikoez baino gehiago, baina berdin balio du: “Badago interes bat euskal marka moduko bat estatuko merkatuan eta harago agertzeko, autonomismoaren korrelato kultural bezala”. Eta gauza gehiago. Hemen duzu irakurgai; elkarrizketaren amaiera partera hasten da zati hori, Aurka kolektiboaz galdetzen dionean.

Honaino gaurkoa.

Ostiral ona izan, baita asteburua ere. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN