Aiene, ahuen, deitore, erosta, intziri, arrangura... Sinpleki kexa esateko zenbat aukera ditugun. Baina uste dut beroaldi “puf!” esaten diogula eta ja. Ez garela aritzen sinonimoetan barna. Ez du gogorik ematen horretarako ere. Pentsa, zuhaitzak eta haien fruituak erretzen ere ari dira egunotan; hala irakurri diot Jakoba Errekondori aste honetako artikuluan. Eta gu, edo ahal dugunok behintzat, kobazuloa fresko mantentzeko ezinean.
“Ahal duenak” esan dut, askok ezin dutelako mila arrazoirengatik. Ezin dute, adibidez, Zaballako espetxean; bertako presoen protesta hori dakarkigu astelehen honetan gure webgunean. Beste espetxe batzuetan baimenduta daude haizagailuak, adibidez Basaurin eta Iruñean, eta erabiltzen dituzte, baina Zaballan ez. Informalki zein formalki egin dituzte eskaerak, eta No autorizado zigilu batera mugatzen dira azalpenak. Espetxea kokatzen den Langraitz herrian, atzo, 37 gradu neurtu zituzten.
Preso talde batek kolektiboki erantzun dizkio galderak Zigor Olabarria lankideari. Ekainaren amaieran pasatu zizkien galderak, termometroak 40 gradu markatzen zituenean, eta agian orain zerbait apalago, baina berdin-berdin egiten du bero uztailaren erdialde honetan. Baina kontua ez da egun beroetara soilik mugatzen, hori argi diote presoek: hormigoizkoa da dena, eta hormigoiak beroa gorde egiten du, eta labe efektua eragiten. “Ihesbiderik gabeko labea” dela diote. Zaballakoa bai behintzat; ez dakite beste lekuetan nola dauden.
Iaztik dabiltza haizagailuen gaiarekin borrokan. Erakunde publikoek ez diete erantzunik eman, Arartekoak baino ez. Baina ez zaie ezer aldatu. Aurten ari dira babes zibilarekin harremanetan jarri nahian, osasun arduradunekin... Iruditzen zaie eskatzen dutena lor dezaketela, ez dagoela pisuzko arrazoirik kontra egiteko, baina beldur dira uda osoa horrela pasa behar badute.