Ez dut gogoan nori irakurri diodan azken urteetan alderdi abertzaleek espainiar identitatearekiko izan duten jarrera epelak kalte latzak utziko dizkigula etorkizunean, eta ja ari garela pairatzen. Nik ere ikusi ditut Espainiako selekzioko kamisetak kalean. Lehen kolpean beti pentsatzen dut Madrilgo beraneanteak direla, bizi naizen lekua fisikoki inbaditu egiten baitute madrildarrek udan. Lasai geratzen naiz hori pentsatuta: “Ez dira gutarrak”. Ez baitira gutarrak, ezta ere, ia edozein partidu dela ere, herriko plazako tabernako terraza betetzen dutenak ere, den-denak ostatuko pantaila handiari so. “Oporretan daude, futbolzaleak dira, hemen inguruan izango dute apartamentu turistikoa, eta zer egingo diogu bada, turismoak gutxienez aberastasun kultural hau ekartzen digu-eta”.
Ez direla gutarrak esan dut, baina gutarrak ere badira. Espainiako selekzioaren golen berri etxafuegoekin izan dut azken aste sargoriotan, eta leihoak irekita neuzkalako entzun ditut urrunean gaztetxoen ospakizun hotsak. Hortik ezin izan dut ihes egin. Ezta mugikorretik ere. Sare sozialetako algoritmo dopatuek ez baitute barkatzen: dena da futbola, eta IP-a Hego Euskal Herrian baduzu behintzat, asko da La Roja. Eta zuzenean golak eta gauza horiek azaltzen ez bazaizkizu, izango da Lamine Yamalen anai txikia maitagarria delako eta bideo horiek ikusi dituzulako.
Nahikoa ez bazeneukan, hortxe izango duzu beti PSE. Ez dute dirurik izango administrazio publikoko azterketak euskarara ganoraz itzultzeko, itzultzailerik kontratatzeko, baina beti izango dute diru poltsa bat odola bor-borka jartzeko. Ez dute barkatzen. Pantaila erraldoi bat jarriko dute gaur gauean, Espainiaren eta Frantziaren arteko finalerdia ikusteko. Kontu hauekin beti egiten zait harrigarria: Espainiaren futbol partidua ikusteko bai, gauerdira arte jendetza juntatu eta zarata eta zaborra sortzea permititzen da; baina astearte batez dantza edo musika emanaldi bat antolatu nahi baduzu beti dago ordenantza bat baimentzen ez duena, edo auskalo zenbat pagatu behar dela dioena.
Espainolismoa futbolaren bidez zabaltzen ari dela-eta, Lander lankideak eman dit ekintza xume bezain eraginkor honen berri: haur guztiak Mundialeko kromoak erosten ari direla? Ba tori euskal selekziokoak. Gernikako Arrano-Etxeak jarri ditu salgai kromoak eta albuma. Ti-ta batean saldu dira denak; eta bigarren tirada prestatzen ari dira.