2026ko irailaren 3a.

Egun on.

Hemen da osteguna. Ondo zabiltzala espero dut.

Goazen mamira.

Ortzaizeko ikastola, artxiboko irudi batean. (Dani Blanco / ARGIA)

Euskara? Izan gaitezen serioak

Berehala itzuliko naiz gaurko kontuetara, baina egin ditzagun 50 urte atzera, eta jo dezagun 1976ko abuztura. 

Frankismo osteko lehenbiziko udaldia du Espainiako Erresuma errestauratu berriak. Estatuburu berria, Juan Carlos I erregea, eta demokrazia ezartzeko ardura ipini dion Adolfo Suárez gobernuburua. Demokrazia, hitz larritan. Eta askatasuna. Hitzak aldarritzat hartu eta Europako bira abiatuko du Suárezek, buru argi eta senez, lau hamarkadaz zikindu den Espainiaren irudia garbitu asmoz. 

Lehen kolpeetako bat Parisen emango du. Vanity Fair baten modura, elkarrizketa zabal, garden eta gertuko bat eskainiko dio Paris Match aldizkariari. Baina gauzak ez dira oso ongi irtengo, kazetariak zorrotz jokatuko baitu. Hasteko, Suárezek ez ditu Opus Dei eta Falangea kritikatuko, eta presidente bat eskuin muturretik ez aldentzea, garai hartako Frantzian, ixaz markatzeko modukoa zen; eta kazetariak horixe egiten zion. 

Baina beste erantzun jakin batek harrotuko zituen hautsak Euskal Herrian eta Katalunian. Kazetariak galdetuko zion ea batxilergoa euskaraz eta katalanez egiteko aukerarik izango ote zen, izan ere, demokrazian sartuta, eta Espainiako Gobernuak “elkar ulertzea” bultzatzen zuenez gero, beharbada urratsetako bat izan zitekeen. Bada, Suárezek hau erantzun zuen: “Zure galdera, barkatuko didazu, ergela da. Aurki iezazkidazu lehenik kimika nuklearra euskaraz, katalanez irakasteko gai diren irakasleak. Izan gaitezen serioak”.

50 urte pasatu dira. Ez dakit asko edo gutxi diren. Baina Hego Euskal Herrian euskaraz egin daiteke batxilergoa, eta Katalunian ere bai. Gero, funtzio publikoan-eta ondo asko dakigu zer nolako egoera bizi duen euskaraz. Arreta ematen dit, ordea, kazetari frantses hark galdera hori egin ziola Franco hil osteko Espainiako lehen presidenteari. Zeren 2026a da, eta baxoa eta brebeta etsaminak ezin daitezke euskaraz egin Ipar Euskal Herrian. Eta ondo borrokatu eta urtez urte desobedientzia eginda ere, Parisek ez du ametituko. Argi geratu da oraingoan ere erakunde publikoetatik ezin zaiola euskarari aitortza sinbolikorik txikiena ere egin; Paueko Auzitegiak doktrina atera, konstituzioa irakurri, eta indargabetu egin ditu Baionako eta Sarako herriko etxeek euskara “herriko hizkuntza” izendatu izana. 

Gure hizkuntzak beharrezko ditu euskara hutsezko proiektuak.

EGIN ARGIAKOA

·····>   Ez galdu hauek

  • AEKren kanpaina. Euskara eroso ikasi eta bizi. Matrikulazio epea zabaldu du Euskal Herrian dituen ehundik gora euskaltegietan. “Euskara Bonua” izango da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan: A1, A2, eta B1 mailetan matrikulatzen direnek 120 euro ordainduko dituzte, eta lau urtez ikasi ahal izango dute bertan. Nafarroan, berriz, A1 eta A2 mailakoei matrikulan ordaindutako guztia itzuliko diete baldintzak betetzen badituzte. 
     
  • Ceuta eta arrazismoa. Espainiako Gobernuak orain arte defendatu duena gezurtatu du Poliziaren txosten batek, eskuineko prentsak ezagutarazi duenak: dokumentu horren arabera, mugako polizia espainiarrek bazuten bestaldean gertatzen ari zenaren berri, eta gainera, Marokoko Poliziak lagundu eta antolatu zuen migratzaileak erruz eta saldoka Ceutan sartzea. Espainiako Gobernuak sinesgarritasuna eman dio prentsaren filtrazioari. Orain arte esana zuen ez zuela migratzaileak mugan pilatzen ari zirenaren berririk, eta ziur zegoela Marokoko Gobernuak ez zuela ardurarik.  

    Bien bitartean, atzo, Espainiako Estatuan bezalaxe, Hego Euskal Herriko hiriburuetan ere protesta arrazistak egin zituen eskuin muturrak. Talde antifaxistek ere mobilizazioak antolatu zituzten. 
     

  • Agur 1,5-ari. Nazio Batuen Erakundeko zientzialariek esan dute dagoeneko saihestezina dela lurrazaleko tenperaturak 1,5 graduko langa gainditzea. Horregatik, egoerari berehala erantzuteko esan dute, batik bat berotegi efektuko gas isuria murriztuta. 

    Euskalmeten datuen arabera, iragan den abuztua, iazkoaren konparatuta, 2,5 gradu beroagoa izan da. Eta Iruñean, iaztik hona, 3 gradu igo da tenperatura; erregistroak daudenetik inoizko beroena. 

  • 11.000 hildako. Esan nizun, bada, Frantziak legeztatu egin dituela orain arte laborantzan debekaturik zeuden bi pestizida? Fokua handitu du Jenofa Berhokoirigoin lankideak artikulu honetan: urtero munduan 11.000 pertsona hiltzen dira pestiziden intoxikazioak jota, gehienak Indian, eta oro har Asia hegoaldean eta Afrika ekialdean.

ITZALETIK ARGIRA

Buletina bezalaxe, aste honetan hasi da astekariko Itzaletik argira atala ere. Betiko moduan hortaz, ostegunetan, Urko Apaolaza lankideak hautatu duen Fototekako argazkiari egingo diogu errepasoa.

ARGAZKIA: Enbata
1982ko otsailaren 21ean egina, Soustonsen (Akitania).

Mitterrandi ate-joka. Frantziako presidente François Mitterrand jaunak gogoko zuen Landetan atseden hartzea. Soustonsen zeukan bere bigarren etxebizitza. Baina batean baino gehiagotan eramangaitz bihurtu zitzaion atsedena behar zuena. 

Duela 44 urteko otsail hartan, adibidez, Ipar Euskal Herriko ikastolen alde, Seaskak deituta, milatik gora euskal herritar Mitterranden etxe atarira joan ziren protestan. Ezkertiartzat zeukan bere burua presidenteak, baina ez zituen promesak betetzen; eskuinaldeko neurriak hartu bai, hori bai. Eta Seaskak beharrezko zuen bere egoera normalizatu eta legeztatzea. 

Segi leitzen Urko Apaolazarekin.

Honaino gaurkoa.

Ostegun on. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN