2026ko irailaren 10a.

Egun on.

Pasa egin zitzaidan atzoko buletinean ekartzea: atzo bete ziren 50 urte Basauriko 11 emakume atxilotu zituztela, horietako bederatzi abortatzeagatik eta beste biak haiei laguntzeagatik.  

Eta gaurko efemeridea, berriz, 40 urte direla ETAk Yoyes hil zuela Ordizian, erakundea utzi, atzerrian ibili, eta Euskal Herrira itzuli zenean.

Horiek esanda, goazen mamira.

Txiroak, ez leloak

Uste dut askotan ez garela batere kontziente eta poz txikia eman dit Davidek burua altxatu izanak Goliaten kontra. Akordatzen zara Nepalgo tragediaz, ezta? Sekulako luizi eta uholde bortitzak jasan zituzten duela bi aste, milatik gora hildako eta milaka batzuk desagertu eragin zituztenak, eta den-den-dena txikitu zen inguru hartan. Bada, Nepalgo Gobernuak justizia klimatikoa aldarrikatu du. Arrazoi osoz esan du mundu osoko berotegi efektuko gasen %0,1 soilik isurtzen duela berak, eta ados baldin bagaude hondamendia larrialdi klimatikoak eragin duela, kalteak kutsatzaile denek pagatu beharko lituzketela. Zifra jarri du: hogei milioi dolar. 

Nazio Batuen Erakundeak badu duela lau urtetatik horrelako funts edo diru poltsa bat, klima larrialdiak eragindako txikizioak konpontzen laguntzeko helburua duena, baina ez daki inork oso ondo zenbat diru dagoen, ezta nola finantzatzen den ere, ez baitu inork aparteko dirurik jarri nahi, eta are gutxiago aldez aurretik. 

Aspalditik dago ideia bat ikerlarien mahai gainean, ikusi nahiko nukeena ea estatu kapitalistaren bat gai ote den aplikatzeko. Kontua da aberatsetan aberatsenei zerga berezi bat jartzea, desberdintasun klimatikoa deiturikoa. Txiroenak direlako aldaketa klimatikoaren kalterik larrienak pairatzen dituztenak, eta kontrara, aberatsenak direlako gehien kutsatzen dutenak. Demagun, hortaz, ehun milioi euroko ondasuna baino gehiago dutenei zerga bat jartzen diegula, haien ondasunaren %1,5 eta %3 artekoa. Hala, segituan geneuzkake ia 30.000 milioi euro. Hori da 2023ko proposamen batek zioena, ikerlari frantziar batzuek gidatuta.

Bartzelonan egoitza duen beste ikerlari talde batek kasu egin zien frantziar horiei, eta beste zifra batzuk bilatu dituzte. The Lancet-ek argitaratu du orain. Esanguratsua da datua: lagin berari, hau da, ehun milioi euroko ondasuna baino gehiago dutenei %3ko zerga jarriko balitzaieke, 30 milioi pertsonaren bizitza salbatzeko moduan legoke mundua 2030a baino lehen.

Ordaindu nahi duzuna. Jaso nahi duzuna.

EGIN ARGIAKOA

Atzera ere, gora

Inork zalantzarik bazuen, AEBak Iranen egiten ari direna ez da deus politikoa eta are gutxiago erregimen pertsiarrak urratzen dituen giza eskubideei loturikoa; bestela ez lukete horrela jokatuko. Azken egunetan bete-betean jo dituzte Irandik irtendako zortzi petrolio ontzi gutxienez, eta asteak daramatzate, baita ere, petrolio hobiak eta eremuak erasotzen.

Baina lasai: petrolio enpresek ez dute dirurik galduko. Ez dira galtzen ari. Yankien eta sionisten eraso gogorrak otsail bukaeran izan ziren, ordutik Ormuzko pasabidea hala moduz dago, mehatxupean beti, eta orduz geroztik petrolio enpresek bikoiztu baino gehiago egin dituzte irabaziak. Eta ari dira iragartzen “negu gogorra” etorriko dela. Hau da, diru kontable gehiago kontratatu beharko dituztela, geure poltsikoak gehiago hustuko ditugulako.

Horrez aparte, gaur, Europako Banku Zentralak bilera garrantzitsua du. Aurreikustekoa da interes tipoak igo egingo dituela, itxuraz %2,5era. Hau da, maileguak garestitu egingo direla.

·····>   Ez galdu hauek

  • Funts putrea Donostia. Etxebizitzen merkatuan gero eta tentakulu gehiago sartzen ari da Azora funts estatubatuarra. Kaleratzeak Stop taldeak jakinarazi du Donostiako Amara auzoan, kale berean, hogei etxebizitza huts eta sei pisu turistiko dituela jabetzan.
     
  • Itsasuko murala. Iparretarrak taldeko Txomin Olhagarairen omenezko murala margotu zuten Itsasun duela bizpahiru aste. Bada, Pirinio Atlantikoetako prefet berriak, Simon Fetetek, hura ezabatzeko agindua eman du. Protesta deitu dute larunbaterako. 
     
  • Zuberoako populazioa. 12.500 biztanle ditu gaur egun. Azken hamar urtetan %5 galdu da, eta 60 urtetik gorakoak, berriz, gorantza doaz, eta %40 dira dagoeneko. Horregatik, Euskal Hirigune Elkargoak programa bat abiatuko du, mila herritar berri lortzeko.

ITZALETIK ARGIRA

ARGAZKIA: ARGIAren artxiboa
1968ko abuztuaren 25ean egina, Orion.
 

Aaa-rraun. Orio da, Kontxako estropaden garaian gaude, baina argazkikoei ez egin euskaraz What?! jaso nahi ez baduzu bueltan. Britainiarrak dira gizonak, Oxfordekoak. 
Uda hartan, 1968an, Nazioarteko Estropadak egin zituzten lehen aldiz Orion, eta ikusmin handia sortu zuen. Besteak beste, oso urte gutxi lehenago ekarri baitzen hona aulki mugikorren modalitatea, argazkian dagoena. Ingelesak abilak ziren horretan. Eta oriotarrei zer otuko? Haien aurka lehiatzea. 

Zer egin zuten? Zortzi segundo aurretik amaitu zuten oriotarrek. Detaile gehiago, hemen.

Honaino gaurkoa.

Ostegun gozoa izan. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN