2026ko irailaren 14a.

Egun on.

Zer moduz asteburua? 

Zinemazalea bazara, ziur aritu zarela Donostiako Zinemaldiko karteldegia begira. Topatuko zenuen Naza dokumentala, Palestinaren genozidioari buruzkoa. Asteburuan amaitu da Veneziako zine jaialdia, eta epaimahaiaren sari berezia jaso du. Bada, bi zuzendariei herritartasuna kentzeko eskatu du Isralego Kultura ministroak. 

Ezer berririk ez, ezta?

Goazen mamira.

Globoa zulatu da?

Galdera hori planteatu dut nik. Hainbat komunikabidek beste galdera bat formulatu dute: Adimen artifizialak hurrengo hamarkadan hilko gaitu? Ez dakit, Rick, baina ez du itxura onik. Eta ez naiz ari datozen hamar urteetan etorriko denaz edo etorriko ez denaz. Ari naiz galdera planteatzeko eraz. Nora garamatza teoriak, adimen artifizialaren teknologiak munduaz gaindiko gauzak egin ditzakeela pentsatzeak? 

Kontua da Anthropic enpresako ikertzaile top batek dimisioa aurkeztu duela eta enpresari eta ChatGPTren atzean dagoen OpenAIri leporatu diela “modu arduragabean” egitea aurrera ikerkuntza, garapen eta asuntu guztia. Konspirazio ugariko mundu horretaz ez dakit deus, jende gehientsuenak ere ez daki ezer, horretan dabiltzanek ere jakin nahi nuke usteez eta desioez aparte zer dakiten benetan, baina tira, arduragabe hitza erabili badu ikertzaile top horrek, ados egon naiteke. Itsu-itsuan ematen baitiogu konfiantza ezagutzen ez dugun zerbaiti.

Eta motibo bat gehiago konfiantza gutxiago izateko: asteburu honetan, elkarren segidan egindako adierazpenetan, sektoreko jauntxoak ados etorri dira esanez “moteldu” egin behar dela adimen artifizialaren garapena, “segurtasun arriskuengatik”. Baina usteak eta justifikazioak utzita: oligopolioko sheriff-ak ados jartzen badira gauza bera esateko, zer ari dira ezkutatzen? Nik ez dut sinesten orain, bat-batean, Elon Muski “segurtasuna” axola zaionik. Ez zaio inporta pilotu automatikoa duten Tesla autoak heriotza bide izatea (a, eta Venezian aurkeztu berri duten lau orduko dokumentala ikusteko gogoa dut, tipoari handik eta hemendik ematen omen dio-eta).

Endredo guztian, notizia hau tartean sartu behar delakoan nago: OpenAI enpresak esan du “azkenean” ez dela burtsara irtengo 2026an, hitzeman bezala, baizik eta datorren urtean-edo egingo duela. Adierazpen horiek egin ditu enpresako buruak asteburu honetan, “gizadiaren desagerpenaz” hizketan ari ginela. Beharbada beldur dira burtsan ez dutelako funtzionatuko? Agian mundua goitik behera aldatzetik baino gertuago daudelako porrotetik? Akaso globoa zulatu delako? Ez dakit, Rick, baina ez du itxura onik.

· · · · · · ·

Ebidentzia da mundu osoan gero eta jende gehiago ari dela protestan adimen artifizialak dakarren guztiaren aurka. Hezkuntzaren edo kulturaren esparruan, adibidez, oso agerikoa da ezinegona. Asko dira kezkaturik dauden gurasoak, gaztetxoek adimen artifizialaren txatari askoz ere sinesgarritasun handiagoa ematen diotelako beste ezeri baino. Diseinatzaileak eta ilustratzaileak, lanak plagiatzen eta imitatzen dituelako. Webguneen garapenean, programazioan eta abarrean lan egiten duten informatikariak, informazio guztia lapurtzen eta dena moteltzen duelako. Eta hackerrak ari dira haienean, adimen artifizialeko enpresak erasotzen, oztopoak jartzen.

Dena dela, datu zentroen aurkako borroka da beharbada mundu osoan errepikatzen eta indarra hartzen ari den fenomenoa. Zeren, interneteko datuak ikusezinak badira ere, horien gordelekuak fisikoak dira, eta geroz eta gehiago erabili, edo geroz eta gehiago hazteko bokazioa izan, orduan eta leku gehiago behar dute. Problema handia sortzen dute; problema handia dira. Lurra kendu, makinak instalatu, eta ur eta energia kantitate izugarri handia kontsumitzen dute, bizilagunak izorratu eta ingurugiro guztia suntsitzeraino, bertan inor egoten ez den lantegian. Aholkatzen dizut Jenofa Berhokoirigoin lankidearen artikulua irakurtzea.

Kazetaritza independentea estimatzen baduzu, animatu proiektua babestera.

EGIN ARGIAKOA

·····>   Ez galdu hauek

Nazioartetik, lehenik:

  • Hauteskundeak Suedian. Ozta-ozta, baina itxuraz eskuin muturra ez da gobernuan sartuko; sozialdemokratek irabazi dituzte hauteskundeak, eta eserleku bati esker, momentuz, ezkerreko alderdien batuketak gehiengoa osatuko du. Atzerriko botoa zenbatzea falta da.

    Orain arte, eskuineko gobernua tematurik aritu da migrazio politikak gogortzen, eskuinaren barnean zabaldurik dagoelako “suediar identitatea galtzen” ari denaren ideia, eskuin muturraren mesedetan. Dagoeneko egoera nahiko makurra dela irakurri diot Martin Gelin kazetari suediarrari The Guardian-en (gaztelerara itzulpena ElDiario.es-en) 
     

  • Independentzia eske. The Telegraph egunkariaren arabera, gaur bilera egingo dute Eskoziako, Ipar Irlandako eta Galesko lehen ministroek. Hirurak dira autodeterminazio eskubidearen aldekoak. Manifestu bat sinatuko dute haien lurralde eta nazioen burujabetzaren alde, kooperazioan jardungo dutela esateko, eta autodeterminazio eskubidea Londresi galdegiteko. 
     


Etxeko kontuetan:

  • Pintadak Nafarroan. Ostegunetik ostiralerako gauean, Leitzan, Iruñean eta Lekunberrin, besteak beste, hainbat pintaketa egin zituzten: Hau España da, Islam ez, edota Puta ETA. Elkarretaratzeak egin dituzte asteburuan.
     
  • Itsasun, margolanaren alde. Larunbatean 500 pertsona baino gehiago mobilizatu ziren Txomin Olhagarairen omenezko margolanaren alde. Prefetak kentzeko agindua emana du, “terrorismoaren goraipamena” egiten duelakoan. 
     
  • Mahats bilketaren jaia. Kripan, Arabako Errioxan egin dute ekitaldia. Azken 25 urteetako batez bestekoa hartuta, aurtengo uzta bizpahiru aste aurreratu da. Inoizko mahats bilketarik goiztiarrena izan da.

PANTAILARA ITSASTEKO BAZKA

  • Due spicci. Ez naiz, berez, animazio zalea, baina Zerocalcare marrazkilariaren fana bai. Gizarte kapitalistari egiten dizkio kritikak, eta harrapatu ohi naute. Hirugarren denboraldi honek, ordea, gutxixeago. Taberna bateko sozio da Zero, zorpetuta eta gezurretan hondoratuta dagoen kidearekin batera. Leialtasuna, denboraren joana… Adulting-a, Ainhoa Olasori telesail honi buruzko kritikan leitu nion moduan. Hegoaldean Netflixen dago, baina Iparraldean inon ere ez.
     
  • Bridgerton. Goiko telesail hori ikusten ari nintzela oroitu naiz honetaz, Zerok zera esaten baitu une batean, Bridgerton ikustea dela gaurko egunean duintasun guztia galtzearen pareko zeozer. Baina ea, ikusita du. Eta nik ere bai (dena ez). 1813an kokatuta dago telesail hau, erreinu ingelesean, aristokraziaren munduan. Elegantzia kontu horiek-eta, familien arteko ezkontzak... Bada, badago pertsona misteriotsu bat, idazlea dena, prentsa arrosa moduan, kontatu ezin direnak kontatzen dituena. Eta horrela, ordu batzuk dituen telesaila da. Denbora pasarakoa. Netflixen dago.
     
  • Elon Musk Unveiled: The Tesla Experiment. Gaurko buletineko gai nagusiarekin, hauxe ekarri behar: ergel horri buruzkoa ere bada, baina batez ere Tesla “esperimentuari” buruzko dokumental alemaniarra da. Tesla eta pilotu automatikoa. Bakarrik gidatzen duen kotxea; kamerekin, sentsoreekin eta adimen teknologikoarekin. Sekulako aurrerapena da, bistan da, baina ez da batere segurua. Eta istripu mordoa egon dira horren erruz. Dokumentalaren tesia da laborategia muntatu duela Muskek bizitza errealean, modelo automatikoak ari dela saltzen (ulertzen dut Tesla guztiak ez direla horrelakoak), eta jendea probatzen, bitan pentsatu gabe. Gaia pittin bat interesatzen bazaizu, nahikoa izango da harrapatzeko. Hegoaldean Filminen dago, eta Iparraldean ez dago.

Honaino gaurkoa. Eskerrik asko hor egoteagatik.

Astelehen on. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN