ARGIAko irakurleak duela hiru urte ezagutu zuen Palmira Dual neska gazte irundarra. 29 edo 30 urte izango ditu. Euskalduna da, eta ijitoa. Kera elkartean aritzen da lanean, ijitoak babesten eta arrazismoaren aurka egiten. Inklusioan sinesten du. Elkarrizketa hartan esan zigun: “Neska gazte ijitoak sarri uste du ametsik ezin duela egin; jaio, urte gutxiz eskolara joan, ezkondu eta berehala ama izan; hori apurtu behar dugu”.
Prentsaren aurrean agerraldia egin du Irunen, bere herrian, baina ez ijito herriaz hitz egiteko. Bai, ordea, bere etxeaz. Bere gurasoak kale gorrian gelditzeko zorian daudela jakinarazi du: 33 urteren ondoren etxearen mailegua ezin pagatuta gelditu dira, eta Kutxabankekin zeukaten zorra, gaur egun, Kimbolton Invest izeneko funts putrearena da, erosi egin ziolako; beraz, kapitalarekin dute zorra. Eta munstroek ez dute errukirik. Etxe kaleratzearen eguna jarrita dute: datorren asteazkena.
Palmira Dualek esan du bere gurasoek desgaitasun fisikoa dutela, %75erainokoa, eta dementzia-zantzuak ere badituztela. Horregatik, enpatia eskatu dio auzia daraman epaileari, baita denbora ere: ez mailegua ordaintzen segitzeko, baizik eta bizitoki alternatiba duin bat lortu artean ez kaleratzeko.
Akordatu naiz Bartzelonako Casa Orsola eraikinaz. Ez da justu Irungo kasu hori bezalakoxea, alokairuko etxeak zirelako denak. Baina badute antzekotasunik: putre funtsak tartean sartzen direnean ez dagoela ezer onik, Ravalear telesailean ondo erakusten den bezalaxe, edo, atzo kontatu nizun bezala, Donostian, kale bakar batean, enpresa bakar batek etxeak zoro moduan erosi dituelako.
Casa Orsolan, funts putreak eraikinaren jabetza erosi zuen arte, 700 edo 800 euro pagatzen zituzten alokairu kontratuak. Kapitala sartu zenean, ordea, pixkanaka ia 3.000 eurora arte igo nahi zieten, turistekin dirua egingo zutelako. “Turistari astea 750 euroan egingo badiogu, eta zeu lau astez hemen geldituko bazara, lau astekoa ordaindu, 3.000 euro”. Lortu zuten, azkenean, funts putrea hortik botatzea. Udalak erosi zuen eraikina. Dokumental ederra da hau bizilagunen borrokari buruzkoa, Directa-k egina.