2026ko irailaren 18a.

Egun on.

Indartsu iritsi zara ostiralera?

Geure kasuan, atsedena beharrean, gaurdanik Donostiako Zinemaldiko zirriparran murgilduko gara Maria Ortega lankidea eta biok. Aldean izango dugu Eneko Atxa kolaboratzailea ere, film kritikak egiten. Maria eta biok, berriz, gertakari esanguratsuenak jarraitzen ariko gara, artikuluak idazten, baina ez gara idatzizkora mugatuko: bideoren bat ere publikatuko dugu sareetan eta gure webgunean, ikusitako filmak iruzkintzen. 

Hortxe izango gaituzue, beraz.

A, eta Goizean argi buletina egongo da datorren astean, ia berdin, aldaketa txiki batekin. Azpiko ohiko atalik ez da egongo; denak bereziak izango dira, Zinemaldiari buruzkoak. 

Tira, horiek esanda, goazen ostiralarekin hastera.

Lau erreferentzia eta identitate bat

Forma: Jaka eta gorbata, gorbata urdin iluna, euskal diasporako lagun batek oparitutakoa. Urdina, kontserbadurismoaren seinale beharbada. Ikurrinatxoa paparrean, pin batean. Diskretu, baina hor. Urkulluk ez zuen normalean horrelako keinu txikirik egiten. 

Edukia: Ordu eta erdik askorako ematen du, gai asko ukitzeko, lantzeko... baita aspertzeko ere. Dena irakurri du. Ondo irakurri ere, hori txalogarria bada behintzat. Ezer gutxi transmititu du gorputz jarreran, eta ahots tonu bertsua izan du denbora guztian. Urkullu baino freskoago? Ez zen zaila. 

Edukian askorik sakondu gabe, baina edukiaren parte den heinean, hauek dira Pradalesek egin dituen pertsonen erreferentziak

Jose Antonio Agirre lehendakaria. Normala, esperotakoa, laster betetzen direlako 90 urte Agirrek erbesteko gobernua osatu zuenetik, eta normala, baita ere, EAJk sentitu duelako Agirreren figura EH Bilduk “kendu” egin nahi izan diola. 

Gero, adimen artifizialaren erronkez hizketan ari zela, Bill Gates ekarri du. Gates jauna, jauntxo estatubatuarra, Microsoften sortzailea, orain adimen artifizialaz “kezkatuta” dagoena, iragarri berri duena mila milioi euro jarriko dituela adimen artifiziala ez dadin “aberatsen pribilegio” izan. Ez dut konprenitu nondik nora ekarri duen Gates Gasteizera.

Munduko bakearen alde hitz eta hitz ari den Leon XIV ere aipatu du, alderdi katoliko bateko buruzagi onaren gisara.

Eta azkenik, kazetari beterano bat: Enric Juliana. Kataluniarra, La Vanguardia-koa. Geopolitika kontuez aritzen da sarri. Duela gutxi, Alemaniako Saxonia-Alhalt eskualdeko hauteskundeen inguruan, eskuin muturrak sekulako boto piloa jaso zituen horretan, Julianak zera esan zuen joeraz: “Askatasuna [nahi dute] amorruarekin. Askatasuna, amorruak itoarazi arte”. Euskal Herrian ere eskuin muturreko ideien igoera gertatzen ari dela esateko erabili ditu Julianaren hitzak Pradalesek. 

Lau erreferentzia. Atzerriko hiru pertsona garaikide eta duela 66 urte hilobiratu zuten Euskal Herriko bat. Erreferentzia horiek hautatu ditu Pradalesek ikurrina soinean, eta euskaraz mintzo, autogobernua indartu behar dela eta euskara ondare babestu bihurtuko duela esanez.

Gizalegea, errespetua, bizikidetza, elkarlana... Balore asko ere bai erronka gisa aurkeztuta. Esan du, baita ere, azken hiru hamarkadetan migratzaile kopurua 26.000tik 330.000ra pasatu dela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Baina segurtasuna ez zaiola horri lotu behar, “populismoaren aurka” borrokatu behar dela, eta “kontuz gorrotoarekin”. 

Ezkerretik eta eskuinetik dator “euskal identitatea galtzen” ari denaren protesta. Eta bataila kulturarik egon badago, hori da kurtso politikoa markatuko duena: nola antolatu antifaxismoa. Nola egin aurre arrazismoari eta neurriz kanpoko segurtasun faltari. Eta nola ekarri aho-mingainera langile klasea pobretze fasean dagoela, enegarrenez; sinpleki, arrautzak erostea, autoaren depositua betetzea eta gorantza doan argindar faktura pagatzea ez dela egunean otordu bakarra ozta-ozta egin dezakeen gazte migratzailearen errua. Eta migrazioa aipatuta: Donostiak dagoeneko zenbat migratzaile sortuko zituen? Zenbat donostiar joan dira Gipuzkoako beste herrietara? Bizi ahal izateko migratzen dute horiek denek ere.

Baina Pradalesek, kurtso politikoa zabaltzeko, Bill Gates, aita santua eta Enric Juliana aipatu ditu, aliritzira bezala, ikurrina paparrean eta euskal diasporako norbaitek oparitutako gorbata lepoan. Elkartasun identitario bat eraikitzeko aukera galdu duelakoan nago.

Ordaindu nahi duzuna. Jaso nahi duzuna.

EGIN ARGIAKOA

·····>   Ez galdu hauek

  • EAEko administrazioko euskara legea. Atzo kontatu genuen Voxen helegitea onartu duela EAEko Auzitegi Nagusiak. Bada, deiak egin ditu Onintza Irureta lankideak eta EH Bilduren, ELAren eta LABen iritziak bildu. Sakon duzu hemen gaia zertan den.
     
  • Euskara, espetxean. Espetxe zuzendari erdaldunak erraz asko imajina daitezke, baina duela bost urtetatik Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeen kudeaketa Eusko Jaurlaritzarena baldin bada, ez lituzke hizkuntza eskubideak bermatu beharko? Bi adibide esanguratsu dakartzagu. 
     
  • Hotel lizentziak Gasteizen. Udal gobernuak, PPren laguntzarekin, 35 hotel berri eraikitzeko aukera ematen duen legea onartu du. 
     
  • Harrotasun Martxa Erradikala. Ipar Euskal Herrian lehen aldiz egingo da, larunbat honetan Baionan. Hemen detaileak.
     
  • Kanada… Europaren aliatu? Muga-zergen gaiarengatik etsaituta daude AEBak eta Kanada, eta azken boladan, Europako Batasunaren aldetik, ageriko hurbilpena suma daiteke Kanadarekiko. “Aliatu” izan daitezkeela iradoki du Von der Leyenek, esaterako Erresuma Batuaren pare; hau da, komertzio aldetik erraztasunekin. Bada, pipertu egin da Donald Trump, eta mehatxuka hasi.

ASTEKO KOORDENADAK >>

  • I > Iraultza Txikien Akanpada. Euskal Herriko herri mugimenduen topagunea da ITA. Gutxi ikusten dira horrelakoak, baina zinez inportanteak izaten dira elkar ezagutzeko eta sareak eratzeko. Antimilitarismoan sakonduko dute aurten. Pitillasen dute topalekua. Itziar Moreno antolatzailea elkarrizketatu dute Berria-n.
     
  • H > Hagina. Kardiologoarenean egon da Jakoba Errekondo, infartu bat izandakoa delako, eta tratamenduan, aurrekoan, “Stent bat jarriko dizut, Taxus IV izenekoa” esan zion medikuak. Taxus baccata, “hori hagina da” Jakobak. Halaxe baietz medikuak: “Bai, haginak pozoi indartsu bat du eta horrekin blaituta dago stenta (...) odolaren igarobidea garbitzen du”. Zenbat ikasten den arbolez kirofano batean, diosku Jakobak. Asteko irakurgairik onenetakoa iruditu zait.
     
  • E > EHBT. Asteburuan hasiko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Lehen faseko lehen saioa jokatuko da bihar Hazparnen, sei bertsolarirekin. Talde antolatzaileko kidea da Udane Mugerza, eta berarekin egin dugu hurbilen bat ARGIAn datorren udazken berora.
     
  • M > Memoria. Aurreko asteburuan protesta egin zuten Itsasun, Txomin Olhagarairen omenezko murala ezabatzeko agindu baitu prefetak. Horri buruz eta memoriarekin dugun trantze sozialaz mintzatu dira Naiz-en Jean-Pierre Massias zuzenbide katedradunarekin.

Honaino gaurkoa.

Astelehenera arte. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN