2026ko azaroaren 6a.

Egun on.

Iritsi gara ostiralera. Zer moduz zure astea? 

Animo asteburuan lan egin behar dutenei ere.

Goazen mamira.

Baionako irudi bat. (Sud Ouest)

Erosahalmenaren defentsa

Bidasoaz gora atzo, Bidasoaz behera datorren asteazkenean, zerbitzu publikoen okertzea agerikoa da Euskal Herriaren menpeko bi estatuetan; eta etxebizitzaz jantziko da deialdia datorren asteazkenean, baina oinarri-oinarrian erosahalmenaren defentsa irmoa egingo da, atzo Ipar Euskal Herrian (eta Frantzian) egin bezalaxe. Baionan 6.000 pertsona irten ziren protestan sindikatuek deitutako manifestazioan, eta beste ikasle mordoa mobilizatu zen lizeoen sarreretan, hala nola hezkuntza sistema hobetzea eskatzeko.   

Zazpi aldarrikapen:

  • Soldatak igotzea sektore publikoan zein pribatuan, eta parekidetasuna bermatzea. 
     
  • Pentsioak igotzea.
     
  • Gutxieneko soldata eta laguntza sozialak igotzea.
     
  • Zerbitzu publiko duinak bermatzea, murrizketarik gabe.
     
  • Zergapetze politika justua: gutxien dutenei gutxiago kentzea, eta gehien dutenei gehiago.
     
  • Industriaren deskarbonizaziorako plangintza egitea.
     

Izugarrizko zor publikoa du Frantziak, Europako erakundeek ikusi ere egin nahi ez dutena, eta horregatik esana die gerrikoa estutzeko. Horretan ari dira, gastu publikoa murrizten. Baina parean, jakina, herritarren protestak. Txinparta, beharbada, aurrekontu murrizketek eragin dute, Hezkuntzakoak batez ere, nahiz gero azkenean atzera egin duten horretan. Eskandalagarria zen: den-dena bera, salbu eta aurrekontu militarra, sei mila milioi euro gehiago aurreikusten baitira armagintza indartzeko.

Estatuak ez du dirurik behar denerako, eta jendeak ez du erraztasunik egun hotzetan berogailua pizteko.

Euroa erabiltzen dugun herrialdetan, urte bakarrean, oinarrizko produktuen prezioa %4 garestitu da. Frantzian gutxiago, %3,5 inguru, eta Espainian gehiago, ia %5. Urrun dago hori banku zentralek aholkatzen duten %2ko inflaziotik. Baina tira. Ez dezatela, ezta ere, albiste izugarri on moduan saldu Espainiako Estatuak gutxieneko soldata %5,3 igotzeko konpromisoa bere borondatez hartu izana. Ondo dago, jakina, eta asko ematen du, baina azken finean ez da bizitzaren neurrian igotzea besterik.

Ordaindu nahi duzuna. Jaso nahi duzuna.

EGIN ARGIAKOA

Bixente Ameztoi

Azaroak 6 ditu gaur, eta 25 urte betetzen dira Bixente Ameztoi margolaria hil zela. Gauza asko esan daitezke bere figurari buruz, baina gure erredakzio honek badu harreman berezia bere lanarekin, 1978an kontratupean bezalaxe aritu baitzen Zeruko Argia-rentzat azal eder askoak egiten.

Begira, Hegoaldekoa bazara, hilabete barru, abenduaren 6an, Espainiako Konstituzioaren zubiaz gozatzen ariko zara agian. Bada, erreferenduma egin bezperatan, Ameztoiren azal punki hau argitaratu zen.

Tira, eta gauza asko. Urte oso esanguratsua izan zen 1978a. 

Zerua askatu nahi zuen orduko Zeruko Argia-k, eta zerura egin zuen jauzi aldizkari honen lantaldeak. “Askatasun gosea” aldarrikatzen zuen erredakzioak, “izan dezagula indarra” iradokitzen zuen urte hasierako editorialean, eta, horregatik, urte hartako ia azal guztiak Ameztoiri enkargatu zizkioten, kaos eta konbultsio handiko garai hura erretratatzeko. Gaurko egunetik errepaso bat egin diet artikulu honetan.

Eta Ameztoiren omenaldia biribiltzeko, bi artikulu enkargatu ditugu: Joseba Zulaika antropologoaren laguna zen Ameztoi, eta bere figurari buruz idazteko eskatu diogu; eta Jone Alaitz Uriarte arte komisarioak, berriz, Ameztoiren obra aztertu digu.

Zerbait esan nahi didazu? Erantzun mezuari edo idatzi buletinak@argia.eus helbidera. Gustura irakurriko zaitut.

·····>   Ez galdu hauek

  • Lurrama. Gaurtik igandera, Biarritzen ospatuko da laborantza herrikoiaren 21. festa. Egitarau oparoa antolatu dute. Ura eta uraren erabilera izango da aurtengo gai izarra, eta Gilles Boeuf biologo eta ozeanografo entzutetsuak emango du hitzaldia; duela gutxi elkarrizketatu genuen, eta gako batzuk eman zizkigun: “Gizakiak ahantzia du urez egina dela, hori da gaur egungo drama”.

    Aurten ere ARGIAren mahaia Lurraman egongo da, Bizi Baratzea ildoko argitalpenak ezagutzera ematen. 
     

  • Etxebarri erretegia. Munduko jatetxerik onenaren saria jaso du Atxondoko Axpe auzoko jatetxeak, Bittor Arginzoniz buru duen negozioak. Euskal Herriko beste jatetxe bat ere sartu da lehen 50en zerrendan: Getariako Elkano, 33.a.  
     
  • McDonald's-ik ez, mesedez. Bide bat zabal dezake Donostiako kasuak, udalak azkenean atzera bota baitu ikastetxe baten aldamenean eraiki asmo zen McDonald's handiaren proiektua. Jaurlaritzari eskatu diote arautu dezala gaia, apustu-etxeekin gertatzen den bezala, ikastetxeetatik gertu ez daitezen janari azkarreko establezimendurik egon.
     
  • Burnhamek, jarrai. Krisi ekonomikoak bota ditu alderdi laboristaren gobernuak Erresuma Batuan, baina Andy Burnhamek karguan segitzeko bokazioa erakutsi du: diru irabazi handiak dituzten bankuei zergak igoko dizkiela iragarri du, eta argindarraren faktura merkatuko duela ere bai, “100 libra opari”, 120 euro alegia. Ez zait tontakeria iruditu, eta begira jarri naiz: irakurri dut urtean batez beste 2.000 libra (2.400 euro) ordaintzen dituztela argindarrean eta gasean. Hau da, hilero 200 euro inguru.

ASTEKO KOORDENADAK >>

 

Asteko tendentzien bildumatxoa egiten dut ostiralero, iparrorratza hartuta, beste era batera informatzen segitzeko, patxadatsuago beharbada.

  • I > Izana. Atzoko egunez duela 100 urte jaio zen John Berger, Londresen, eta armada britainiarrean soldadu sartu behar izan zuenean hasi zen poesian trebatzen, eta gerora margolaritzan probatzen. Irudiari eta lengoaiari buruz idazten zuen, eta gaur egun, diseinu munduan erreferentzia dira bere idazkiak. Bada, harreman berezia izan zuen Iruñeko postari batekin, zale estimatua azken hori, Juan Izquierdo Katxo. Gutunak trukatu zituzten, bazkaltzeko geratu ziren... Istorio ederra da. 
     
  • H > Herrigintza. Asteazkenean iragarri zuen Bilboko Bira kulturguneak programazioa etengo duela, diruz ezin baitute sostengatu. Lutxo Egia kideak gutuna argitaratu du Berria-n, “herria egiten duten espazioak” goratzeko, eta administrazioak “euskararen aldeko jauzia” iragartzen duen bitartean, nola ari diren sufritzen Biraren pareko espazioak.
     
  • E > Etxebizitza. Zientoka artikulu idatzi dira honezkero etxebizitzaren problematikaren inguruan, bero baitator datorren asteko greba Hego Euskal Herrian. Bira tira, Miren Rubiok bezalaxe, nik ere entzun dut NASA “planteatzen” ari dela Marten etxebizitzak eraikitzea, 3D teknikarekin. Gai hori hartu eta lur honetan egunero gertatzen diren etxegabetzeak lotu ditu Erran-en. 
     
  • M > Musika. Hilabete ere ez da falta Durangoko Azoka hasteko, eta Peiremans taldeak Palentino tabernari eta kulturgileen topalekuari kantua egin dio. Bideoklipa, Arrigurik. Bideo ederra, alajaina. Bikaina. Normalean musikariek hartzen dute bideokliparen fama, baina Euskadi Irratian Arriguriko kideak elkarrizketatu dituzte, batez ere aipaturiko bideo horrez, baina baita orain arteko lanez ere.

Honaino gaurkoa.

Ostiral ona izan, eta asteburua ere bai. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN