Hauteskunde kanpainaz hitz egin nuen ostiralean. Aitortzen dizut marko espainiarrean mugitu nintzela neu ere, eta uste dut panorama horrelaxe dagoela, naziotasunean oso apal. Baina agendan euskal gairik kokatu badago, interesik balego behintzat.
Erreferente ona da Bidasoaz gorako herrikideena: 300 hautetsik bat egin dute euskararen koofizialtasun eskaerarekin, Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua aldatzeko proposamenarekin, frantsesak segi dezan Frantziako hizkuntza izaten, baina legez aitor dadila hizkuntza gutxituak badirela, eta horiek, tartean euskarak, zaintza berezia behar dutela. Baina hori ez da posible zentralismoan, are gutxiago Pirinio Atlantikoetako prefeta euskarafobo sutsua denean. Apustu esanguratsua da Ipar Euskal Herriko euskalgintzarena, hautetsiena, eta bide horretan urrats aipagarria izango da larunbateko zita Baionan, koofizialtasunaren aldeko mobilizazioa.
Lurraldearen soziolinguistikak eragina du, baina praktikan alderdien interesen arabera erabakitzen da hauteskunde kanpainetan euskararen gaia erdigunera ekarri edo ez. Botoak non, diskurtsoak han. Beharbada boto horien kutxatilak definituta daude lehendik ere, eta kontentu gara horrekin?
PSOEk desmobilizazioa eragiten du ezkerreko mugimenduetan, adibidez hizkuntzaren aferan, harrotasunez eta lotsagabe diotelako euskara maite dutela, Europan koofizialtasuna eskatzen dute gainera, Espainiako Gobernuak bere webgunea euskaraz jartzen eta parlamentuan euskaraz hitz egitea ahalbidetzen du... Jakina botoen premiak behartuta egiten dituela PSOEk mugimendu horiek, baina partxeei esker euskara hobeto al dago gure plazetan?
Espainiako hauteskundeak igaro eta lau egunera izango da abenduaren 3a, Euskararen Eguna. “Ospatu” egingo dugu? Ze motibo dugu jai girorako?
Eztabaida leiho interesgarria zabaldu du asteburuan Donostiako Txominenea auzoko euskaltzaleen elkarteak. Idatzia plazaratu dute, inor konkretuki seinalatu eta haserretzeko asmorik gabe, baina lerro artean esanda euskaldunok ezin dugula (soilik) txokolatadak egiten jarraitu Euskararen Egunean. Honela diote: “Pizkunde indartsu bat sortu nahi badugu, Euskararen Eguna berrezaugarritzea eta edukiz betetzea ezinbestekoa dugu”. Hau da, ospakizuna bale, ados, baina kontzientziak piztu ere egin behar dira, eta abenduaren 3a bera “borrokarako egun” bihurtu. Adibidetzat dakarte mugimendu feministak Martxoaren 8ari emandako garapena.