Errepidean, gauez, izarren dirdirak zirrara eraginda autoa geratzen duen hori da Espainiako Fronte Zabala, oh! dioena aho zabalez, “hori da gure bidea” esaten duena, “seinalea” bere barnean sentitzen duena. Eta horrela, nahi gabe, PSOEren Citroen zahar margotu berriak aurreratzen dio ezkerretik.
Bere “neurri izarrak” aurkeztu ditu Espainiako ezkerreko indar politikoen batuketen batuketen batuketak. Baina ez dira izarretara joan. Eta PSOEk ezkerretik aurreratzen ditu, azeleratu beharrik gabe.
Hauexek dira promesetako batzuk:
- Asteko lanaldia 32 ordura jaitsi. Duela bi urte eta aste bat idatzi nuen notizia bat esanez Sumarrek PSOErekin adostu zuela lanaldia 37,5 ordura jaistea eta “etorkizunean” 35 ordukoa izatea. Ez dute ezer lortu. Baina langa jaitsi du orain Fronte Zabalak.
- Erretiro adina 65 urtera jaistea. Gaur egun 66an dago, eta datorren urtean 67ra igoko da.
- Herentziei langa jartzea 10 milioi euroan. Hau da, hortik goragoko herentziarik ez onartzea. 10 milioi euro. “Komunismoa” esan diote batzuk. “Utopia” esango nuke nik, duela 40 urte ezarritako lanaldia jaisteko gai ez den estatuarentzat.
Promesa gehiago ere badituzte, tartean detaile interesgarriak ere bai, dena ez da txarra. Baina harrigarria egiten zait estrategia, konbentzimendurik sorraraztea zaila dutelako, bi ogiren artean bezala dagoelako, alde batetik eta bestetik estututa. Bokata. Baina mamia ez da Fronte Zabala, ez. Laudorio ederra da norbaiten edo zerbaiten mami izatea.
Hauxe da bokata:
- Eskuineko ogia PSOE da. Jendeari esaten ari zaio “ez nahasteko”, botoa ez zatikatzeko, boto eraginkor bakarra haiena delako. Eta ea, oinarrian arrazoi dute, kosta ahala kosta PSOEko nahiko bagenu, modurik efizienteena bera bozkatzea delako.
- Ezkerreko ogia tokian toki diferentea da. Gurean, EH Bildu. Koalizio subiranistak halaxe dio gainera: “Benetako ezker zabala gurea da, itxaropen gobernuak eraikitzen dituena”. Are, euskaran eta euskalduntasunean ezer gutxi dute emateko Fronte Zabalean.
Begira inkestek zer dioten, gainera. Fronte Zabala Espainiako Estatu osoan aurkeztuko da, probintzia guztietan, eta 7 eserleku ematen dizkiete. EH Bilduri bezainbeste. Hori behera botata. Bienak gora botata, kasurik onenetan alegia, 10na eserleku.
Nik bi hipotesi ditut. Edo Fronte Zabalak ez daki hobeto egiten, eta jendea gehiago erretzera kondenatuta dago; edo bere buruari ari zaio lehia egiten eta PSOEra botoak mugiarazten ari da, ezkutuko heroia delako, eskuin muturra gobernura ez heltzeko benetako antidotoa, antidoto isila, bere burua sakrifikatzen duena.
PSOEk Fronte Zabalari ezkerretik aurreratzearena beharbada irainaren bidean doan komentario bat iruditu zaizu. Baina asteburuan otu zait, Lander Martinez Bizkaiko zerrendaburua Bilbon entzun dudanean esanez “neurri berriak” jarri behar zaizkiela apartamentu turistikoei, hala nola zergak igota. Hori esan, eta kikilduko balitz bezala, “baina ez gaude turismoaren kontra, e” esan zuen.
Bartzelonako alkatea PSOEkoa da, eta hitzemana du pisu turistiko guztiak desagerraraziko dituela 2028ra begira, 10.000 dira. Horretan ari da.