2026ko azaroaren 17a.

Egun on.

Hemendik hara begira, eta beste batzuk baino apalago, baina ari gara ARGIAn ere Espainiako hauteskundeen kanpaina aztertzen… Bateren batek esango dit arrandegiko aiztoa hartuta natorrela gaur.

Goazen mamira.

Fronte Zabalaren herentzia

Errepidean, gauez, izarren dirdirak zirrara eraginda autoa geratzen duen hori da Espainiako Fronte Zabala, oh! dioena aho zabalez, “hori da gure bidea” esaten duena, “seinalea” bere barnean sentitzen duena. Eta horrela, nahi gabe, PSOEren Citroen zahar margotu berriak aurreratzen dio ezkerretik. 

Bere “neurri izarrak” aurkeztu ditu Espainiako ezkerreko indar politikoen batuketen batuketen batuketak. Baina ez dira izarretara joan. Eta PSOEk ezkerretik aurreratzen ditu, azeleratu beharrik gabe. 

Hauexek dira promesetako batzuk:

  • Asteko lanaldia 32 ordura jaitsi. Duela bi urte eta aste bat idatzi nuen notizia bat esanez Sumarrek PSOErekin adostu zuela lanaldia 37,5 ordura jaistea eta “etorkizunean” 35 ordukoa izatea. Ez dute ezer lortu. Baina langa jaitsi du orain Fronte Zabalak.
     
  • Erretiro adina 65 urtera jaistea. Gaur egun 66an dago, eta datorren urtean 67ra igoko da.
     
  • Herentziei langa jartzea 10 milioi euroan. Hau da, hortik goragoko herentziarik ez onartzea. 10 milioi euro. “Komunismoa” esan diote batzuk. “Utopia” esango nuke nik, duela 40 urte ezarritako lanaldia jaisteko gai ez den estatuarentzat.

Promesa gehiago ere badituzte, tartean detaile interesgarriak ere bai, dena ez da txarra. Baina harrigarria egiten zait estrategia, konbentzimendurik sorraraztea zaila dutelako, bi ogiren artean bezala dagoelako, alde batetik eta bestetik estututa. Bokata. Baina mamia ez da Fronte Zabala, ez. Laudorio ederra da norbaiten edo zerbaiten mami izatea.

Hauxe da bokata:

  • Eskuineko ogia PSOE da. Jendeari esaten ari zaio “ez nahasteko”, botoa ez zatikatzeko, boto eraginkor bakarra haiena delako. Eta ea, oinarrian arrazoi dute, kosta ahala kosta PSOEko nahiko bagenu, modurik efizienteena bera bozkatzea delako. 
     
  • Ezkerreko ogia tokian toki diferentea da. Gurean, EH Bildu. Koalizio subiranistak halaxe dio gainera: “Benetako ezker zabala gurea da, itxaropen gobernuak eraikitzen dituena”. Are, euskaran eta euskalduntasunean ezer gutxi dute emateko Fronte Zabalean.

Begira inkestek zer dioten, gainera. Fronte Zabala Espainiako Estatu osoan aurkeztuko da, probintzia guztietan, eta 7 eserleku ematen dizkiete. EH Bilduri bezainbeste. Hori behera botata. Bienak gora botata, kasurik onenetan alegia, 10na eserleku.  

Nik bi hipotesi ditut. Edo Fronte Zabalak ez daki hobeto egiten, eta jendea gehiago erretzera kondenatuta dago; edo bere buruari ari zaio lehia egiten eta PSOEra botoak mugiarazten ari da, ezkutuko heroia delako, eskuin muturra gobernura ez heltzeko benetako antidotoa, antidoto isila, bere burua sakrifikatzen duena.

PSOEk Fronte Zabalari ezkerretik aurreratzearena beharbada irainaren bidean doan komentario bat iruditu zaizu. Baina asteburuan otu zait, Lander Martinez Bizkaiko zerrendaburua Bilbon entzun dudanean esanez “neurri berriak” jarri behar zaizkiela apartamentu turistikoei, hala nola zergak igota. Hori esan, eta kikilduko balitz bezala, “baina ez gaude turismoaren kontra, e” esan zuen. 

Bartzelonako alkatea PSOEkoa da, eta hitzemana du pisu turistiko guztiak desagerraraziko dituela 2028ra begira, 10.000 dira. Horretan ari da.

Ordaindu nahi duzuna. Jaso nahi duzuna.

EGIN ARGIAKOA

·····>   Ez galdu hauek

  • Ukraina NATOn? AEBek mahai gainean jarri dute aukera: Donbass galtzearen truke NATOn sartu. Errusiaren marra gorria gaindituko luke, NATO handitzea, Sobietar Batasunarekin egindako akordioetako bat horixe zen. Errusiak ez du deus esan; Ukrainak, berriz, “herritarrek erabaki dezatela”. 
     
  • A11n, inor bazterrean? SOS Arrazakeriak taldeak salatu du greba orokorrean ez zirela aipatu migratzaileen, arrazializatuen eta ijitoen zailtasunak, eta haientzat aspalditik dela arazo larria etxebizitzaren krisia. 
     
  • Ikuskizunetako teknikariak. Mitinetan eragiteko xedez, hauteskunde kanpainaren azken bi egunetan greba egingo dute Hego Euskal Herriko soinu eta argi teknikariek. Udan hiru greba egun antolatu zituzten, Gasteizko, Donostiako eta Bilboko festetan egun bana, agerikoak izan ziren eraginak, baina enpresak ez direla mugitu salatzen dute.
     
  • ‘Musika Berria’. “Euskal musikaren erreferentziazko gunea” sortu du Berria egunkariak, Badok musika adarraren bitartez, eta musikariekin elkarlanean. Euskarazko musikan espezializatutako plataforma bat izango da. Durangoko Azokan egingo dute publiko.

POSTALEKO IRUDI

 

Labuerda. Aragoin, Monte Perdidoren sarreran dagoen herritxo bat da Labuerda, 179 biztanle ditu, eta landetxe, hotel, kanpin eta apartamentu turistikoz josita dago: bere populazioa bider hamaika handitu daiteke ohe denak betez gero. Hau da, 2.000 turista jasotzeko gaitasuna dauka. Euskal Herriko leku askok baino gehiago. Baina adibide asko daude, batez ere Aragoin eta Katalunian, Pirinioen inguruan batez ere. Zonalde horien saturazioa eta gentrifikazioa eteteko eta leku horiek biziberritzeko eskatu izan du Aragoiko Chunta alderdi ezkertiarrak, baina kasurik ez.

Iragan ostegunean Erratzun izan ginen Asier Basurto eta biok Turismoa. Desazkundera bidaia liburua aurkezten, gaiaz solastatzen, Baztango Udalak eta Baztango Talde Ekosozialak gonbidatuta. Hari mutur asko, baina kezka orokorra: non dago turismoaren muga, noiz eta nola? 

Esan ziguten Baztanen 2.700 ohe daudela turistentzat, eta bailarak 8.000 biztanle inguru ditu. Konparaziorik ez Labuerdarekin, 44 aldiz biztanle gehiago baititu Baztanek, baina zuloa gehiago handitu baino lehen behatzen hastea da interesgarriena.

Honaino gaurkoa.

Egun ona izan. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN