2026ko azaroaren 18a.

Egun on.

Abortua gora-behera entzun ditut zenbait politikari espainiar azken orduetan, bada begira ze kasualitatea, 106 urte dira gaur Sobietar Batasunak abortua despenalizatu zuenetik; munduko lehen herrialdea izan zen. 

Hori ekarrita, goazen mamira.

Berdintasunaren ulerkera

Filipe Aramendi joan zenetik, Urruñako loreak motozerra batez mozten ari da Herriko Etxea. Martxoan heldu zen agintera Sébastien Etchebarne, autodefinizioz zentrista, “irakaskuntzan indar handia” ipintzera zetorrena, kanpainan zin egin zuenez. Bada, apirilerako iragarria zuen elkarteei dirulaguntzak murriztuko zizkiela. Eta zeintzuk dira elkarte gisa izendaturikoak, lerro horretako ekarpenak jasotzen dituztenak? Euskalgintzako eragile ugari. Maiatza hasterako bagenekien Urruñako ikastola izango zela kalteturik handiena: 22.000 euroko laguntza progresiboki kenduko zitzaiola aurreikusi zen.

Ez da Urruñako ikastolaren dirulaguntza lerro bakarra, baina “dirulaguntza soziala” deitzen zaiona, Aramendirekin indartu zena, desagertu egingo da 2030erako. Orain arte, ikasle bakoitzeko 1,90 euro ematen zizkion Urruñako Herriko Etxeak ikastolari. Datorren urtean 1,50 eurora jaitsiko da, 2028an euro batera, 2029an 50 zentimora, eta 2030ean zerora. Hau da, ia 23.000 eurotik zerora. 

Zer dio Etchebarne auzapezak? “Ekitate” kontuagatik egiten duela, “eskola guztien berdintasunarengatik”. Zeren egia da, ikastetxe katolikoari ere eragiten dio, eta elkarte gisa erregistratutako guztiei ere bai. Baina kaltetu handiena ikastola da. Neurriz txikiagoa delako, ez dituelako besteek bezainbeste familia, eta halakoetan, gero eta jende gutxiagoren larrutan egon zauria, orduan eta min handiagoa egiten du. 

  • Herriko Etxearen laguntzaren faltan, zein da soluzioa, kuotak igotzea? Familiek gehiago ordaintzea? Eta hortaz, familiak galtzea?

Tira, normala denez galdera horiei ez die erantzunik eman nahi Unai Villacorta ikastolako zuzendariak. Protestan ari dira orain. Asteartero mobilizazioak egiten guraso eta irakasleak, ikastolaren alde, jakina, baina oinarrian euskararen eta euskalgintzaren alde. 

Berdintasuna beti izango da fartsa bat bi gauzek abiapuntu bera ez dutenean.

Kazetaritza independentea estimatzen baduzu, animatu proiektua babestera.

EGIN ARGIAKOA

·····>   Ez galdu hauek

  • Etxegabetzea gaur. Hirugarrenez saiatuko dira bi emakume eta bi adingabeko familia bat etxetik kaleratzen Bilbon, Iturribide kalean, gaur goizean. Bilboko AZET Etxebizitza Sindikatuak gerarazi egin ditu orain arteko biak, etxearen sarbidea blokatuta, eta gaurko ere deialdi bera egin dute. 
     
  • “Terrorismoagatik” atxilotuak. Hilabete pasatu da Aratz Bilbao eta Malen Grunig Madrilera preso eraman zituztenetik. Bakarturik segitzen dute oraindik ere. Aske antolakundeak salatu du “eskubide urraketa larriak” direla. Are, Nucleo Nacionalekin alderatu dute: Espainiako talde neonaziko kideei suzko armak atzeman berri dizkiete, arma zuriak eta taser pistolak ere bai, antolakuntza kriminala leporatu diete, baina etxean daude denak.
     
  • Andoni Egaña. Berak jarriko dio txapela Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako irabazleari. Lau aldiz txapeldun izandakoa da zarauztarra, beste bi aldiz finalean kantatutakoa, Euskal Herri osoan 40 urtez baino gehiagoz plazaz plaza aritutakoa, oraindik ere erreferentea oholtza gainean. Bertsozale Elkarteak esan du Egañaren “ageriko zein ezkutuko lana” eskertu nahi duela.
     

Eta aurrera begira:

  • Azaroaren 25a. Mugimendu Feministak agerraldia egin du Iruñean, indarkeria matxistaren aurka mobilizatzeko deia egiteko. Hauxe izango da leloa: Ez ginen atzera egiteko jaio. Faxismoaren aurka, feminismoa. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan 19:00etan abiatuko dira mobilizazioak, eta Baionakoa 18:30ean izango da. 
     
  • Abenduaren 5a. Durangon, urteroko moduan, Azokarekin batera, Euskal Herrian Euskaraz taldeak mobilizazioa egingo du, 13:30ean. Hauxe da aldarria: Faxismoari eta eskuin muturrari euskaraz aurre egin. Eragile ugarik egin dute bat deialdiarekin.

KULTUR AGENDA

 
  • Antzerkia. Gaur, Bilboko Arriagan, Igogailua lana estreinatuko dute. Ostiralean, Galdakaon Ai, gure juaneteak, Zarautzen 52 Hertz, Donostian Gabriel Aresti mug(h)arri, Irunen Escape room eta Senperen Nor naizen baneki. Jaialdi berezien artean, aipatzekoa amaierara helduko direla Azpeitiko Antzerki Topaketak (besteak beste, ostegunean, Piszifaktoriaren Hegan egiteko gogoa da eta ostiralean Barrexerkaren Patatekin). Amaierara heltzen ari da Abadiñoko Antzerkiño antzerki jaialdia ere (ostiralean Garbigailua obra eskainiko du Enbatak, eta igandean Adriene Bergson-Johnson Itzuli konpainiak). Eta Bilboko Txotxongilo Jaialdia erdira heldu da gutxi gorabehera, eta datozen egunetan Bizkaiko hainbat lekutako artistak egongo dira haien lanak jendarteratzen. 
     
  • Bertsolaritza. Bertsozaleen begi-belarriak Donostian ipinita egongo dira larunbatean, finalaurrekoen bigarren fasea abiatuko delako; azken hiru finalaurrekoetako lehena izango da Donostiakoa. Kantuan ariko direnak, hauek: Agin Laburu, Aitor Mendiluze, Aner Peritz, Joanes Illarregi, Julio Soto eta Saioa Alkaiza. Bestelakoan, era guztietako bertso saioak ere badaude antolatuta astebururako, denak hemen ikusgai.
     
  • Dantza. Luhuson, ostiral, larunbat eta igande arratsaldean, Arteen artean jaialdiaren barnean, egun bakoitzean bina ikusgarri eskainiko dituzte Harri Xuri Gelan. Zenbait emanaldik gehiago dute antzerkitik dantzatik baino, baina elkarloturik doaz. Ostiralean, Urkabustaizen, Emakumeak izeneko lana interpretatuko dute, eta iganderako bi proposamen haurrekin joateko: eguerdian, Leioan, Alai familian, eta arratsaldean bi txandatan Mamuka Getxon. 
     
  • Musika. Hiru zita goxo ostegunerako: Gari Arrasateko gaztetxean, Mugan taldea Bilboko Kafe Antzokian, eta Petti & Ana Galarraga Soraluzeko antzokian. Ostiralean, Tu-K Elizondoko Txokoton, Odei eta Iparretarrap Hiriburuko La Perlen (aurrez Odeik rap tailerra eskainiko du), Ezta Ilen Añorgako gaztetxean, eta Musel eta Zeatikez Iruñeko Laban. Larunbatean, zarata apur bat Anestesiarekin Atarrabiako Totemen, Odolkiak Ordainetan eta Añube taldeekin Azpeitian, eta Su Ta Gar eta EH Sukarrarekin Miribillan. Plan ederra, baita ere, Izaki Gardenakekin Berrizen, Aiert eta Maskak Oñatin, eta Addar eta Pinaka Sopelan.
     
  • Tira, eta Mutrikuko Gaztetxearen 25. urtemuga ere bada hil honetan. Larunbaterako jaialdia antolatu dute.

Honaino gaurkoa.

Asteazken ona izan. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN