Espainiako Gobernuaren goiko iragarpenaren ostean, bide batez, hau ere sartu zuten: Etxebarriko Arcelor Mittalen eraikin bat “memoria demokratikorako leku” izendatu dutela, eta plaka bat jarriko diotela, “diktadura frankistan langile mugimenduaren gertakari nabarmenetako bat izan zelako”.
Arcelor Mittalek erosi aurretik gertatu zen guztia.
Greba luze bat izan zen, 163 egunekoa, frankismo garaian, 1966an. Laminaciones de Bandas en Frío izena zuen lantegiak, eta greba baino zazpi urte lehenago sortu zuten Bizkaiko bi industria enpresa handik, baina berehala batak bestearen zatia erosiko zuen. Erraz asko, urte gutxian, 700 langile baino gehiago izatera iritsi zen lantegia, eta oro har jende oso gaztea ari zen beharrean hor.
Heldu ziren diziplina zorrotzagoak, baldintzak ere okertzen hasi ziren, hamabi orduko lan txandak ezartzen eta plusak kentzen, soldatak miserableak... Eta protesta. Zer duen langilearen gehiengoa gaztea izateak. Borrokarako grina zuten.
Azaroak 30 zituen greba hasi zutenean, 1966a zen. Beraz, 60 urte beteko dira berehalaxe.
Hasiera batean lan baldintzak hobetzea eskatzen bazuten ere, segituan bihurtu zen erregimen frankista auzitan jarriko zuen langile borroka. Erreferentzia bat, azken finean. Penintsula osoko langile klaseak adi jarraitu zuen Etxebarrin gertatzen ari zena.
Ez dizut dena kontatuko, utziko dizut Urko Apaolazaren artikulua irakurtzeko jakin-mina, baina berak hor kontatzen duena, duda gabe, langile haiek gauzak ongi egin zituztelako da: haien lekukotzak liburu batean jaso nahi izan zituzten, eta horretarako, liburua auto-editatu zuten. Agustin Ibarrolaren ilustrazioarekin azalean, Nuestra huelga edo “Gure greba” jarri zioten izena.