2026ko azaroaren 19a.

Egun on.

Hemen da osteguna.

Presente daukagunez etxebizitzaren greba, efemeride bat: gaur dira 57 urte Italian hogei milioi herritar mobilizatu zirela greba orokorrean. Milanen industria oso handia zegoen, bertara emigratu zuten milaka langilek (eta familiak), alokairu garestiekin eta etxebizitza prekarioekin egin zuten topo, eta haiek izan ziren protesta zikloa abiatu zutenak.

Goazen mamira.

Guillemek 52 urte izango zituzkeen

Berandu, oso berandu heldu da Espainiako Gobernuaren aitortza, baina “hobe berandu, inoiz ez baino” esaten da, eta halaxe da…

Guillem Agulló gazteak 18 urte zituen eskuin muturreko militante talde batek erail zuenean. 1993ko apirilaren 11ko gauean, lagun batzuekin oporretan zela, Valentzia barnealdeko herri batean, “Sieg Heil” eta “Viva España” oihuka, eta Cara al sol abesti frankista kantatuta, ezustean harrapatu eta eraso egin zieten gazte faxista batzuek, eta haietako batek labankada sartu zion bihotzean Guillem Agullóri. “Naziak EZ” aldarria bordatuta zeraman arropan Guillemek.

  • Kataluniaren independentziaren aldeko ezker mugimenduan aritzen zen Agulló, nazio askapenaren gazte adarretako batean, Maulets deiturikoan. Estatuaren zapalkuntza, zapalkuntza militarra, politikoa, ekonomikoa, patriarkala eta ekologikoa salatzen zituen talde horrek, eta izenez, Maulets-ek maula-ri egiten zion erreferentzia, hitz horrek “klase baxuko pertsona” esan nahi duelako. 

Herenegun, Espainiako Gobernuak terrorismoaren biktimatzat aitortu du Guillem Agulló. Gobernuko eledunek esan dute gorrotoan eta motibazio politikoan oinarritutako hilketa izan zela, eta Agulló “askatasunaren sinbolo dela Espainian”. 

33 urte eta zazpi hilabete igaro dira gertakari hartatik. Berandu heldu da, ez dago dudarik. Heldu dela, gaitz erdi. Baina PSOEk zer nolako tripak dituen argi ikusi da berriz: “Espainiaren sinbolo” egin dute gazte independentista bat, eta noiz eta orain, hauteskunde kanpaina bete-betean.

· · · · · · ·

Proposamen pare bat ditut Guillem Agullóri lotuta.

  • Directa-ko Toni Mejíasen artikulu bikain hau: Ni oblit ni perdó, katalanez jakina. Agullóren aitortza ez dela estatuaren edo alderdi politikoen garaipena dio, familiarena baizik, hiru hamarkada eman dituztelako borrokan; baina horrez gain, ideologia naziak Espainiako Estatuan presente segitzen duela azaltzen du. 
     
  • Dokumentala: La mort de Guillem. TV3n dago, debalde eta erregistratu gabe, eta bestela Filminen. Ordu eta erdi irauten du. Duela urte batzuk ikusi nuen, eta dezente hunkitu ninduela dut gogoan. 

Kazetaritza independentea estimatzen baduzu, animatu proiektua babestera.

EGIN ARGIAKOA

‘Bandas’-eko greba

Espainiako Gobernuaren goiko iragarpenaren ostean, bide batez, hau ere sartu zuten: Etxebarriko Arcelor Mittalen eraikin bat “memoria demokratikorako leku” izendatu dutela, eta plaka bat jarriko diotela, “diktadura frankistan langile mugimenduaren gertakari nabarmenetako bat izan zelako”. 

Arcelor Mittalek erosi aurretik gertatu zen guztia. 

Greba luze bat izan zen, 163 egunekoa, frankismo garaian, 1966an. Laminaciones de Bandas en Frío izena zuen lantegiak, eta greba baino zazpi urte lehenago sortu zuten Bizkaiko bi industria enpresa handik, baina berehala batak bestearen zatia erosiko zuen. Erraz asko, urte gutxian, 700 langile baino gehiago izatera iritsi zen lantegia, eta oro har jende oso gaztea ari zen beharrean hor. 

Heldu ziren diziplina zorrotzagoak, baldintzak ere okertzen hasi ziren, hamabi orduko lan txandak ezartzen eta plusak kentzen, soldatak miserableak... Eta protesta. Zer duen langilearen gehiengoa gaztea izateak. Borrokarako grina zuten.

Azaroak 30 zituen greba hasi zutenean, 1966a zen. Beraz, 60 urte beteko dira berehalaxe.

Hasiera batean lan baldintzak hobetzea eskatzen bazuten ere, segituan bihurtu zen erregimen frankista auzitan jarriko zuen langile borroka. Erreferentzia bat, azken finean. Penintsula osoko langile klaseak adi jarraitu zuen Etxebarrin gertatzen ari zena.

Ez dizut dena kontatuko, utziko dizut Urko Apaolazaren artikulua irakurtzeko jakin-mina, baina berak hor kontatzen duena, duda gabe, langile haiek gauzak ongi egin zituztelako da: haien lekukotzak liburu batean jaso nahi izan zituzten, eta horretarako, liburua auto-editatu zuten. Agustin Ibarrolaren ilustrazioarekin azalean, Nuestra huelga edo “Gure greba” jarri zioten izena.

·····>   Ez galdu hauek

  • Hirugarrenean, kalera. Etxetik bota dituzte bi emakume eta bi neska adinez txikiko Bilbon, Santutxu auzoan, hirugarren saiakeran. Orain arteko biak jendearen mobilizazioarekin gerarazi zituen AZET etxebizitza sindikatuak.
     
  • ‘Zakurrak ACABatu’. Duela urtebete pasatxo, Ezpeletan, manifestazio batean, Zakurrak ACABatu zioen banderola eskegi zuten Jendarmeriaren egoitzaren aurrean. Lau pertsona daude auzipetuta, eta epaiketa izan dute. Hamar hilabeteko espetxe zigorra, 2.000 euroko isuna eta manifestatzeko debekua eskatu die prokuradoreak. Otsailean jakingo da ebazpena.
     
  • HernaniKomik. Euskarazko komikigintzaren plaza esanguratsua da Hernanikoa. Asteburu honetan egingo da bosgarren edizioa. Patxi Uharte Zaldieroa omenduko dute. Eta ohi moduan aurkezpenak, egileen sinadurak, zuzeneko marrazketak... Kontu ugari izango dira. Han egongo dira ARGIArekin Ategorrietan fisterra komikia argitaratu duten lagunak; bihar dute aurkezpena, 17:30ean.

ITZALETIK ARGIRA

 

ARGAZKIA: Luis Otaegi / ARGIA Fototeka
1979ko otsailean, Bilbon.
 

Erratza eta kola, kaleak 'enpapelatzeko’. 1977an bai, baina 1979an egin ziren lehen hauteskunde “konstituzionalak” Espainian. Martxoaren 1ean izan ziren, ostegun batez. Kaleak aldarriz bete ziren, legez, konstituzioak hala esanda, araudiek hala onartuta. EAJk zioen Zentzunezko botoa geurea, Herri Batasunak Euskadiko giltza gure burruka da, ORT alderdi marxista-leninistak, berriz, Aurrera egiteko garaia…  

Leloak aztertze honek akordarazi dit Berria-n pasa den astean Nerea Intxaustik egindako erreportajea: nola bilatu lelo on bat kanpainarako, zer transmititu nahi den eta lortzen ote den… Tesia, alderdientzat zaila dela titulu on bat bilatzea. 

Tira, Urko lankideak gogorarazi digu Elizak eta katolizismoak zer bultzatu zuten bai Bigarren Errepublikako hauteskundeetan eta bai 1979koetan: “Zure gotzainek oroitarazten dizute, ez eman botoa zure fedearen aurkakoei”. 

Honaino gaurkoa. 

Gustatu zaizulakoan.

Ostegun ederra izan.

Bihar arte.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN