Igandeko hauteskundeak azken mende erdiko zailenak izango dira EAJrentzat, ziurtzat jo daitekeelako EH Bilduk eta PSOEk boto gehiago lortuko dituztela. Baina horixe, huts-hutsean, ez da arraroa eta ez porrota. Porrota litzateke bost diputatu ez lortzea, hori bai desastrea.
- Izan ere, bost diputatu baino gutxiago lortzen dituzten alderdiek ez dute “talde parlamentario” izaera hartzen, eta diluitu egiten dira “Talde Mistoa” deitzen zaionaren barnean. Hor egongo dira Podemos (lau eserleku atera zituen aurreko hauteskundeetan, eta orain gutxiago izango dira), Coalición Canaria (eserleku bat), eta BNG ezker nazionalismo galiziarra (orain arte eserleku bat, baliteke bigarrena lortzea).
- Izenak dioen moduan, “talde mistoa” soberakinen taldea da. Haien artean banatu behar dituzte denborak, batzordeetako parte hartzeak eta gauza denak.
Iragan den legegintzaldian bost diputatu izan ditu EAJk Madrilen. Inkestek diotena da Nafarroan Geroa Baik ez duela ezer usainduko (azkenaldian bezalaxe), Araban mantenduko duela duen bakarra (zenbait estimazioren arabera, galtzeko zorian ere egon daiteke), Bizkaian duda gabe mantenduko dituela dituen biak, eta Gipuzkoan bitik batera jaitsiko dela, hori ere nahiko seguru (zerrendan, bigarren, Eneko Goia doa). Gauzak zertan diren, Eusko Jaurlaritzaren Soziometroak ere lau diputatu eman zizkion.
Uste dut badaudela EAJren higadura ulertzeko hiru gako:
Ezker gobernua babestu, ezkerrekoa izan gabe. Etxebizitzaren gaian, herriak “tentsio handiko eremu” izendatzearena adibidez, barne tentsiorako faktore izan da; pentsa, EAJk gobernatutako udalerri batzuk aurka egin dute, eta ez dira tentsiopeko auto-izendatu, nahiz eta agerikoa izan etxebizitzaren arazo larria dutela.
Zergak bankari eta enpresa energetikoei. EAJk beti egin die erresistentzia halako neurri fiskalei. Eta zenbait kasutan apaltzea lortu du, baina ez erabat, zeren beste aldetik PSOEk orroka izan ditu ezkerreko alderdiak. Finean, EAJk zenbaitetan belarriak jaitsi eta onartu egin behar izan ditu hainbat neurri.
Transferentzien fartsa. Honetan arrazoi du EAJk: Sánchez presidente izatera heldu zen EAJk jarrera aldatu zuelako Rajoyrekin, PPren ustelkeria kasuak tarteko, eta zentsura mozioa onartu zuelako. Horren truke, alderdi jeltzaleak beti esan du Sánchezi “Euskadiren autogobernua” indartzea exijitu diola. Baina begi bistan gelditu da: oso-oso tantaka heldu dira transferentziak, EAJ minimoki kontentatzeko adina, tarteka bi aldeko bilerak eginda, egutegiak adostu eta eguneratuta, sokatiran.
Orain, kanpainan, Sánchezen aurka ari da hitz egiten EAJ, hortik aldendu nahian bezala. Zer lortzeko? Sánchez babestuko lukeen bloketik aldentzea, eta izaera propio autoktonoa aldarrikatzea, “Euskadi, Euskadi, Euskadi” mila bider errepikatuta, eta ergelak bezala Athleticen ereserkia moldatu eta kantuan hasita. Abertzaleak erakarri nahian? Xede hori dute, irakurri besterik ez dago Berria-ko elkarrizketa. Baina zoko hori miatuegi dagoela iruditzen zait niri, ez dago ezer zurrupatzerik.
Espainiako telebista publikoko asteleheneko eztabaida adibide izan zen. Zortzi alderdi zeuden, eta oso bakartuta egon zen Maribel Vaquero bozeramailea; ez zen inorekin eztabaidan sartu, ez zuen deus askorik esateko, eta tonu orokor liskartsutik erabat aldendu zen, beharbada bere onerako.
Bost diputatu, ez gehiago, horiexek behar ditu EAJk. Eta behar ditu Euskal Herriak, zinez pentsatzen dut. Kontraste pixka bat, ezta? Ez baita ona izaten herriaren ahotsa kolore bakarrekoa izatea.