Egun on.

Hemen da ostirala. Zer plan duzu astebururako? Kultur agenda bete-betea dago Euskal Herrian; asteazkenean egin nuen errepasoa, horra itzuli nahiko bazenu.

Goazen mamira.

Zakil-fest Washington 

Donald Trumpen nahietara sorturiko Munduko Bake Batzordeak atzo egin zuen lehen bilera, eta gizon gorbatadunak baino ez ditut ikusi nik argazkian. Bada emakumerik, bai, baina ez dakit hitz egin zuten ere. Trump eta Israelgo ordezkaria flirtean ikusi nituen nik atzo, Gazaren berreraikuntzaz lerdokeriak esaten. 10.000 milioi dolar jarriko omen dituzte “dena txukuntzeko”. Baina ez omen da asko, argi izan dezagun denok. “Bi asteko gerra batek soilik askoz ere diru gehiago balio du”, dio Trumpek. Tabernako komentarioak dirudite, baina zoritxarrez ez da horrela. Aldamenean zegoen saltsa guztietan egotea gustatzen zaion leloa, Gianni Infantino, FIFA munduko futbol federazioko presidentea. Tipoa, koinatuetan koinatuena, han azaldu zen adimen artifizialak egindako bideo narras batekin, esatera estadio mordo bat eraikiko dituela eta gazatarrek laster jokatu ahalko dutela futbolean. 

Yankiek bake-propaganda hori hedatzen dute handik eta hemendik, aldi berean Iranera armada bidaltzen duenean. Antza, “berehalakoa” izango da estatubatuarren esku hartzea Iranen. Edo gutxienez mehatxu propagandistiko horrekin ari da jokatzen Trump. Iranek ez dirudi AEBen aurrean makurtzeko betarik duenik.

  • Bien bitartean, Kuban, gauzak ez daude batere ondo. Aspaldiko krisirik larriena bizi dute: petrolio gabe geratzen ari dira, eta oinarrizko zerbitzu mordo bat kolokan daude. Gerra egoera deklaratu dute. Sei hamarkada daramatzate AEBen blokeoa jasaten, eta horretara “ohituta” daudela esatea agian gehitxo da, baina oraingoa beste kontu bat da. Maria Ortegak artikulu honetan kontatzen du.

· · · · · · ·

Faxistak EHUra eta ikasleak etxera

Espainiako Vox alderdi ultraeskuindarrak ekitaldia egingo du Gasteizen, datorren astelehenean, jendea probokatzea helburu. Eta litekeena da antifaxistak ere kalera irtetea, eskuin muturraren aurka mobilizatzera, eta horregatik, “segurtasuna bermatzeko”, EHUren Gasteizko Campusak ateak itxiko ditu astelehenean; klaseak birtualki emango dituzte.  

Ez da kasualitatea astelehenean egitea ekitaldia Voxek: egun horretan, 45 urte beteko dira Espainian militar batzuk estatu-kolpe saiakera egin zutenetik. Eta ez da kasualitatea, ezta ere, Gasteizen antolatzea. Urriaren 12an, Hispanitatearen Egunean, alderdi falangistak ekitaldi bat egin zuen hiriaren erdigunean, Ertzaintzak babestuta, eta istilu larriak izan ziren. Atxilo harturiko bakarrak, kasualitatea, antifaxistak. Epaiketetan-eta daude.

· · · · · · ·

Portzierto. A zer saltsa dagoen Erresuma Batuan, koroaren bueltan. Charles III. erregearen anaia, Andrew printzea (ofizialki “printze ohia”, duela gutxi kendu zioten titulua, etor zitekeena aurreikus zitekeelako), atxilotu egin du Poliziak, Epstein pedofilo yankiaren eskandaluen parte izan delakoan. 

Aste honetan argitaratu dugu artikulu sakon bat Epsteinen biktimen inguruan. Garrantzitsua baita azpimarratzea: langile klasekoak ziren biktimak, eta estrotsio ekonomikoa egiten zieten.

Kazetaritza independentea estimatzen baduzu, animatu proiektua babestera.

EGIN ARGIAKOA

·····>   Ez galdu hauek

  • Enparantza eta Zulueta. Atzotik espetxean dira Jon Enparantza eta Arantza Zulueta abokatuak, 13/13 sumarioagatik atzera ere kartzelara sartuak. Espainiako Auzitegi Nazionalak exijitu egiten die ezarri zizkieten zigor guztiak betetzea. Duela astebete jaso zuten espetxera itzultzeko jakinarazpena.
     
  • Jineologi, emakumeen zientzia. Siriaren menpeko Kurdistanen dago Lander Arbelaitz lankidea, eta Jineology akademia izan zen atzo. Jineologi zientzia, emakumeen zientzia da; emakume askeen zientzia. Nik neuk ez neukan batere ideiarik, baina Landerren artikulu honek lagundu nau kokatzen.
     
  • Sidenorren izandako miaketa. Espainiako Poliziak enpresaren Basauriko egoitzan ikuskapenak egin zituen duela hamar egun, ikerketapean daudelako enpresaburuak, Israelgo arma enpresa batekin negozioak egiteagatik Espainiak legez debekatzen zuenean. Horregatik, kontrabandoa eta gizateriaren aurkako delitu baten konplize izatea leporatzen zaie. Bada, abisatu genuen goizeko buletin hartan, Jose Antonio Jainaga enpresaburua gizon boteretsua dela; apelazio-errekurtsoa aurkeztu du auzitegian, erregistroa bertan behera uztea eskatzeko. Ea zertan geratzen den.

ASTEKO KOORDENADAK >>

Asteko tendentzien bildumatxoa egiten dut ostiralero, iparrorratza hartuta, asteburuko solasaldi informaletan ez zaitezen galduta sentitu. Entzuteko eta irakurtzeko lau proposamen.

  • I > Imaz. Mikel Iturriotz bertsolari eta irakasle urretxuarrak 10 urteko ikasleekin bizitako anekdota bat kontatu du Goiberri aldizkarian. Miguel Lopez Legazpi konkistatzaileak estatua bat du Zumarragan, hura “eraitsi!” behar dela esan zioten asaldatuta ikasleek, eta beste herrikide bat, Repsoleko buru Josu Jon Imaz, etorri zitzaion gogora. Petrolioaren konkistatzailea bai hura. 
     
  • H > Herria. Inaute garaia ez da iragan asteburuan amaitu. Libertimenduak, kabalkadak, maskaradak... makina bat hitzordu gelditzen dira oraindik ere. Adierazpenok herria egiteko sortu ziren, komunitateak kohesionatzeko, eta askotan boterea xaxatzeko. Tradizio eta formak aldatu dira beharbada, "ikusgarriago" bihurtu dira egun, baina ari dira batzuk hasierako funtzioetara itzuli nahian. Eta horretara dator Peio Berterretxeren gogoeta hau Euskadi Irratian. Panorama zabala ederki azaltzen du. ARGIAn argitaratu genuen erreportaje majo bat, Maddi Sarasuak idatzia; goiko argazkia artikulu hartakoa da. 
     
  • E > Euskal Irratiak. Zerbait entzuna nuen, baina benetan interesgarria iruditu zait Euskal Irratiek duten nazioartea begiratzeko manera. Nazioarteari so du izena atalak, eta bost minuturen bueltako pilulak ekoizten dituzte, adituekin solasean, Euskal Herriko begiradarekin. Azken boladan, pieza ugari argitaratu dituzte. Aste honetan, adibidez, Garbiñe Elizegirekin ari dira solastatzen, Rojavatik konexioa eginda.
     
  • M > Momentuak. Garaiari oso lotutako gaia ekarri digute Behe Banda gazte literatur taldeko zirtolariek: gainestimulazioa. Zeuretzat galdera, irakurle: zenbat gauza entzuteko, irakurtzeko, begiratzeko eta oro har egiteko gai zara goizetako buletin hau irakurtzen duzun bitartean?

Honaino gaurkoa

Honekin osatu dugu Goizean argi-ren lehen hilabetea. Eskerrik asko irakurtzen duzuenoi; talde fidela zarete.

Asteburu ona izan. Besarkada bat.

Ez zaude email buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN