2026ko irailaren 15a.

Egun on.

Urteurren borobila dugu gaurkoa: ehun urte beteko lituzke Lazkao Txikik. Bertsolari ezaguna, ateraldi eta umore handikoa, 1993an hil zen. Duela bi ostiral ekitalditxoa egin zuten Lazkaon, udalak antolatuta, Xabier Amuriza hizketan entzuteko. Eta ostiral honetan, haren bertso zaharrak (eta berriak) kantatuko dituzte Eñaut eta Unai Agirre anaiek afariaren bueltan. 

Hori esanda, goazen mamira.

· · · · · · ·

Zenbat balio du argazkiak?

Atzo adimen artifizialaz aritu nintzela-eta, gogoan dut, duela urte gutxi, nola kuriosoenek behintzat estimatzen zuten hilda dagoen jende famatua egungo argazkietan kolokatzea, edo ahotsa berreskuratzea eta auskalo zer esaten jartzea. Demagun Lazkao Txiki bertsotan ipintzea. Gaurko egunean norekin ariko zen mokoka?

Gizadiaren amaiera ez dakit, baina sinesgarritasunaren galera dagoeneko ekarri digu adimen artifizialak, egia ez diren gauzak hala diren edo ez esan gabe azaltzen zaizkigulako. Baina benetan uste dut horiek ez dutela benetako baliorik benetako jendearentzat. Argazkilaritzan uste zen krakatekoa, adibidez, ez da gertatzen ari. Hemen, oraindik ere, bene-benetako argazkiek axola dute. Honek, adibidez.

Argazki hori iazkoa da. 

Atzo egin zuen EHUk kurtso akademikoaren inaugurazioa, eta Imanol Pradales lehendakaria ez da joan. Estreinako aldia da lehendakari bat ez dela joaten. Zeren, lehendakari honek esan du txandaka egingo duela Deusto, Mondragon eta EHUren artean. Alegia, pareko bezala ikusten dituela bi unibertsitate pribatu eta unibertsitate publikoa. Hori da lehendakari honek egin digun benetako argazkia.

Ostegun goiza Eusko Legebiltzarrari hizketan pasako du Pradalesek eta entzun beharko da zerbait esatekorik duen gai horretaz. Ez dut uste. Hor esango du zein den, oro har, egoera politikoaz egiten duen argazkia. Eta usaindu dezakegu hitzaldiaren parterik handiena bideratuko diola EAJk askatu ere egiten ez dion gaiari, segurtasunari, "benetako errealitateari". Nola nabari den hauteskunde zikloa datorrela, ezta? 

Eta Madrilen, bien bitartean, nork sinesten du CIS inkesta etxearen prospekzioa, PSOEk botoen %31 lortuko lukeela eta PPk %25? Zeinentzat da erreala argazki hori?

Garai hauen adierazle den irudi bat ikusi da gizonezkoen US Open teniseko finalean. Alexander Zverev jokalaria ez da ohartu irabazi egin duela, eta puntua egin ostean berriz ere sakea egitera joan da, publikoa oihuka hasi eta epaileak zorionak eman dizkion arte. Horrela ohartu da, markagailua begiratuta.

Bazirudien ekinean eta ekinean ikusten duzun lagun hori dela, ohartzen ez dena nola doan, burua altxatu gabe, intuizioari, senari edota bihotzari segika. Sufrikarioaren eta tematzearen artean dabilena; sinpleki, egiten duen horretan sinesten duelako. Gazako argazkilaria bezala. Bere argazkia deskargatzeak 145 euro balio ditu Shutterstock artxibo ezagunean, baina berak 0,30 euro ikusten ditu hortik. Hain sinple eta hain gordin. Baina segituko du horretan, zentimo horietatik bada ere bizi behar duelako, baina baita munduari krudelkeria erakutsi nahi diolako ere.

Badu tranpa, eta hori da Shutterstocken bigarren negozioa, negozio are zikinagoa: argazki bakoitza nondik igo den erregistratuta gelditzen da nahitaez, enpresak gero datu horiek saldu egiten dituelako. Kasuon, Israelgo armadari. Hala hil dituzte ehundik gora kazetari.

Ordaindu nahi duzuna. Jaso nahi duzuna.

EGIN ARGIAKOA

·····>   Ez galdu hauek

  • PISA bis. Astebete igaro da hezkuntza mailaren deskalabruzko emaitzak argitaratu zirenetik. Eta… zein da erruduna? Artikulu mardula idatzi du Mikel Garciak galdera horri erantzunez. Horixe dakarkigu gaur webgunea zabaltzeko.
     
  • Ernai eta erregea. Igande eguerdian mobilizazioa egin zuen gazte antolakundeak Donostian. Espainiako Erregearen figura bat hautsi, lurrera bota eta argazkia egin zuten. Bada, Ertzaintzak atestatua ireki du desordena publikoarengatik.
     
  • Aire konprimituko tiroa. Atzo iluntzean, Donostian, elkarretaratzea egin zuten, masailezurrean eta bizkarrean tiro bana jaso zuen gazte migratzailearekin elkartasunez. Baita salatzeko ere halako erasoak ez direla onargarriak.

· · · · · · ·

Portzierto. Atzo esan nizun Eskozia, Gales eta Ipar Irlandako lehen ministroek autodeterminazioaren aldeko aliantza sinatuko zutela. Londresi elkarrekin egingo diote presio, independentziaren erreferenduma bultzatzeko. 

Bada, gauzak nola diren, atzo, The Guardian eta BBC komunikabideen azaletan sartu eta ez zegoen modurik notizia topatzeko. Aldiz, ARGIAn, Berria-n eta Naiz-en goi-goian zegoen albistea, Kataluniako hedabide abertzaleetan bezala.

POSTALEKO IRUDI

Danubio. Ekarri nuen hona Oria ibaia ur faltan zenean. Eta Urko Apaolaza lankideak ere aipatu zuen Itzaletik argira-ko pieza batean. Bai, Europako bigarren ibairik luzeena ur falta larrian ibili da uda honetan, eta Errumaniak, adibidez, zoro moduan eta ingurugiroko lege guztiak gaindituta arroka batzuk-eta leherrarazi zituen, aldameneko ibaietako ura Danubiora eramateko, bestela ezingo zuelako bere zentral nuklearrik handiena martxan mantendu. 

Hori kontatu nuen. Baina bestelako postaleko irudi bat sortu du Danubiok uda honetan. Eta inoiz baino hobeto esanda, behea edo hondoa arazotzat ikusi beharrean, exotikotzat hartu da. Serbian eta Kroazian, adibidez, ur azalean geratu dira Bigarren Mundu Gerran hondoratu eta abandonatu ziren itsasontzi nazi batzuk. Goiko irudi hori, adibidez, Serbiako Prahovo herrian hartua da. Begira nola ageri irudian jendea arrastoetara gerturatzen; eta begira atzean nola dagoen kruzero handi bat aingura botata. 

Hori Serbian. Baina Hungarian, berriz, Budapesten, Margarita zubi luzea itxita egon da, gerra garaiko lehergailu bat ur bazterrean ikusi dutelako, eta argazkiak bolo-bolo zabaldu dira. Eta Bulgarian, bestalde, mamut batena dirudien femurra eta hainbat hezur zati topatu dituzte.

Horixe izan da ibai arraro honen uda honetako turismoa. 

Honaino gaurkoa.

Astearte ona izan. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN