Zer iruditzen diseinua berri tenporal hau? Maialen Aranak egina da. Niri asko gustatu zait.
Jo, bost minutu gehiago, mesedez. Hori da iratzargailuari eskatzen dioguna. Amari esaten diogun enegarren “itxoin”-arekin batera doana. Edota bilerako kideari gure beranta justifikatzeko adierazten dioguna. Baina kasu honetan ez da nahi edo premiaz egindako eskaera, baizik eta kontrakoa, buka dadila infernua.
Gaira: asko gustatu da Javier Ruiz Calderak zuzendutako 5 minutos más pelikula eta ikusi ez baduzu apuntatu nonbait, hartu gogoan, gustatuko zaizu-eta.
Berto Romero kataluniarraren gidoia eta presentzia du pelikulak, bera baita protagonista, Belén Cuestarekin batera. Thriller komiko fantasiosoa da. Bikote dira, arazoak dituzte harremanean, eta horiek konpontzeko, lasaitzeko edota ganorazko denbora igarotzeko, landa inguruneko etxe galant batean pasatu asmo dute asteburua, estaldurarik eta telebistarik gabeko leku batean. Baina egon: etxean instalatu bezain pronto, asteburua disfrutatzen hasi aurretik, munduak atzera egingo du. Hau da, 18:35ak direnean, 18:30ean zeuden lekura itzuliko dira. Eta horrela etengabe, bukleak eta bukleak. Baina ez da erabat atzera egiten, eta hemen dago gakoa: tarte horretan egiten dituzten ekintzek eragina dute.
Esango nuke izan dela film bakarrenetakoa jendea adi-adi eta aldi berean irribarre betean egon dena emanaldi osoan. Zeren, Kursaalen ingurumarian komentatzen ari den bezala, uste dut aurtengo Zinemaldian nabarmena ari dela izaten jendeak mugikorra atera eta mezuak erantzuten jartzea. Gero esango dugu PISAko emaitzengatik, pantailen dependentziagatik-eta.
Tira, 5 minutos más pelikula. Urtarrilean estreinatuko da, beharbada zine aretoetan edo zuzenean Movistarren, bera baita ekoizlea. Hemen duzu Eneko Atxa gure kritikariaren artikulua.