Tira, eta lehengoari segika, arrastoez hizketan, orban handia utziko du Palestinaren genozidioak eta Israel gerarazteko gizarte moduan daukagun gabezia latzak. Gaur dira hiru urte. Gaur dira hiru urte, Jenofa Berhokoirigoin lankideari irakurri diodan moduan, Israelgo Gobernuak palestinarren desagerpena modu asumituan areagotu zuenetik Gazan. “Desagerpena”, “asumitu” eta “areagotu”. Hitzek garrantzia dute. (Jenofaren artikulua eguerdian irakurri ahalko duzu, aste honetako aldizkaria argitaratzen dugunean).
Ez naiz gaian gehiago luzatuko, baina egin kasu honi, izugarria iruditu zait-eta.
Aipatu nizun Naza dokumentala argitaratu dutela bi zinegilek. Akronimo bat da Naza, Israelgo soldaduek eta inteligentzia zerbitzuek erabiltzen duten estrategia kriminal eta gizagabe bat. Funtzionamendua kontatu dute bi zinegilek Naza dokumentalean, 24 agente eta soldadu anonimoren testigantzak jasota. Oihartzun handia lortu dute nazioartean, Donostiako Zinemaldian ere aurkeztu zen dokumentala, eta Euskal Herriko zine areto batzuetara heltzen hasiko da asteburu honetan.
Bada, Israelen makineriak “kontradokumental” bat argitaratu du: Naza. The Real Story (Naza. Benetako istorioa). Webgune bat sortu dute eta bertan eskegi 50 minutuko bideoa. Debalde. Ez dute Naza aipatzen ez ezer, eta ez da ageri ekoiztetxearen izena, “segurtasun” kontuengatik. Elkarrizketa sorta bat da, Israelgo soldaduak eta zerbitzu sektoreko kideak heroi gisa aurkezten dituena, operazio handienak nola koordinatu dituzten-eta esateko.
Egin zitekeen praktikarik zikinenetakoa iruditu zait. Ez duzu uste?